Bosgarren izan da Iñigo Peña Europako piraguismo txapelketan

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 23a, 12:15

Iñigo Peña, ostegunean, finalerdietara sailkatu ondoren. (Bat Basque Team)

Esprint modalitateko txapelketa jokatu dute pasa den asteburuan Racice (Txekiar Errepublika) hirian. Piraguista zumaiarra A finalean aritu zen, eta bosgarren egin zuen 1.000 metroko distantzian. 

Nazioarte mailako piraguismo probetan murgilduta dago Iñigo Peña piraguista zumaiarra. Duela hilabete, Hungarian jokatutako Munduko kopako proban lehiatu zen Peña, eta B finalean aritzearekin konformatu behar izan zuen. Emaitza hobeak lortu ditu zumaiarrak pasa berri den asteburuan Txekiar Errepublikako Racice hirian jokatutako esprint modalitateko Europako txapelketan. 

1.000 metroko K1 modalitatean aritu da zumaiarra txapelketa horretan. Pasa den ostegunean izan zuen lehen proba Peñak, finalerdietarako sailkatze estropada, hain zuzen. Hirugarren txandan aritu zen, eta bigarren egin zuen, era horretan finalerdietara sailkatuz. Emaitza bera lortu zuen zumaiarrak egun bat geroago, larunbatean, jokatutako lehen finalerdian. 

Atzo goizez jokatu zuten finala. Laugarren postuan igaro zuen Peñak 250 metroko partziala; 500 metrokoa bosgarren pasatu zuen, eta postu horretan zeharkatu zuen helmuga puntua, 3:28.670 denbora eginez. Txapelketa hasieratik buruan joan zen Fernando Pimenta portugaldarrak irabazi du. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide