Pasa den ostiralean banatu zituzten Donostiako Miramar jauregian gazteentzako Urruzuno literatur lehiaketako sariak. Eusko Jaurlaritzako 1986tik hona antolatzen duen lehiaketaren 40. edizioa izan da aurtengoa. Lau hamarkada bete baditu ere, helburuak hasierako berak izaten jarraitzen dute, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren esanetan. Hala nola, euskara batuan idaztea, ikasleek literatur testuak idaztera bultzatzea, euskarazko terminologia berria sortu zein erabiltzea eta euskal literatur zaletasunaren berpizkundea.
Guztira, 23 gazte saritu dituzte Urruzuno lehiaketako aurtengo edizioan, eta horien artean izan da Alain Waliño Etxabe zumaiarra. Pedrosa sailburuaren eskutik jaso zuen zumaiar gazteak saria.
Euskal sormenaren abiapuntu
Urruzuno lehiaketako sariak ematen hasi zirenetik, euskal sormenaren abiapuntu bihurtu dira. Hala, euskal kulturako izen ezagun asko aurki daitezke 40 urte hauetako saridunen artean: Alaine Agirre, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Igor Estankona, Miren Gorrotxategi, Peru Iparragirre, Mikele Landa, Ana Malagon, Xabi Paya, Aitor Sarriegi, Itziar Ugarte, Leire Vargas edo Harkaitz Zubiri, esaterako.