Herriarteko txapelketako finala jokatuko dute Zumaiako puntistek etzi, Mutrikun

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 26a, 14:43

Herriarteko txapelketa jokatu duten Zumaiako puntistak. (Utzitakoa)

Mutriku izango dute aurkari zumaiarrek etzi arratsaldez Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan jokatuko duten finalean. Asteburu horretan bertan, igandean, San Pedro txapelketako finalak jokatuko dituzte Aitzurin. 

Egun handia izango dute larunbatean Zumaiako puntistek. Arratsaldean, 17:00etan hasita, Gipuzkoako Herriarteko zesta punta txapelketa jokatuko dute Mutrikuk eta Zumaiak haien etxean, Mutrikuko Miruaitz frontoian.

Txapelketa osoan Zumaiarekin aritu diren sei puntistek jokatuko dituzte finaletako partidak: Watkins eta Silveti kadete mailan, Enbil eta Goñi jubeniletan eta Agirre eta Uranga seniorretan.

Txapelketako ligaxka fasean bitan neurtu ziren Mutriku eta Zumaia. Mutrikuarrek Aitzurin 1-2 emaitzarekin irabazi zuten, eta emaitza berarekin nagusitu ziren zumaiarrak Miruaitzen jokatutako bueltako jardunaldian. Beraz, aurreikuspenak betetzen badira, berdintasuna izan daiteke finaletan.

San Pedro txapelketa

Igande arratsaldean, bestalde, 16:00etan hasita, San Pedro txapelketako finalak jokatuko dituzte Aitzuri frontoian. Alebin, infantil eta kadete mailetan jokatu dute txapelketa hori, eta sei klubetako puntistak aritu dira lanean. Finala Noain nafarrek eta Mutriku gipuzkoarrek jokatuko dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide