Zumaiako Emakumeon Etxeak antolatutako VII. Emakumeon Binakako Pala Txapelketa azken txanpan sartu da. Gaur eta larunbata artean jokatuko dituzte txapelketako finalak, bai maila aurreratukoa, baita hasiberriena ere.
Gaur arratsaldez, 18:00etan hasita, maila aurreratuko finala izango da jokoan Odieta pilotalekuan. Mariana Baud eta Leire Mendizabal alde batetik, eta Eneritz Mitxelena eta Naiara Mitxelena bestetik, kantxaratuko dira txapelaren bila.
Hasiberrien mailako finala, aldiz, larunbatean jokatuko dute, eguerdiko 12:00etan, Odietan baita ere. Partida horretan Amaia Furones-Maitane Furones, eta Oihane Etxaide-Maddi Etxabe bikoteak neurtuko dira.