Ekaineko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo arratsaldez Zumaiako Udalak. Aztertu zituzten gaien artean, bihar, ekainaren 28an, izango den LGBT+ harrotasun egunaren inguruko mozioa zegoen. Mozioa plenora eramatearekin batera, LGBT+ bandera ere jarri dute udaletxeko balkoian.
Mozioaren arabera, "inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen gogora ekartzea, ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dugu". Horren aurrean, "instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… ezartzea ezinbestekoa" dela uste dute alderdiek.
Udalak konpromisoa berretsi du "Zumaiako LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko neurri eta politikak jasotzen dituen plana garatzeko". Prozesu hori herriko LGBT+ mugimenduko kideekin batera egiteko borondatea adierazi dute, eta horretarako norbanako ezberdinak aktibatzeko modua sustatzen saiatuko direla ere gaineratu dute.
Amaitzeko, ekainaren 28aren bueltan egingo diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin du udalak.