Shalma Midjek: "Beti izan dut gogoa hemendik kanpo jokatu ahal izateko"

Aitziber Arzallus 2025ko eka. 28a, 11:30

Shalma Midjek, futbolean. (Utzitakoa)

Shalma Midjek (Zumaia, 2007) umetatik erakutsi izan ditu futbolerako dohainak. Euskal Herriko selekzioarekin behin baino gehiagotan aritutakoa da, baina aurten, urrats bat aurrera egiteko aukera izan du, Ekuatore Gineako selekziorekin debutatuta. 

Ekaineko Zumaia Guka aldizkariko elkarrizketa da honakoa. 

Midjek 18 urte betetzear dela, eskuin hegaleko jokalariari asko gustatuko litzaioke futbol profesionalaren munduan bidea urratu ahal izatea. 

Noiztik jokatzen duzu futbolean?

Txikitatik gustatzen zait futbola eta betidanik jolastu izan dut lagunartean, baina lehiatzen, 10-11 urte nituela hasi nintzen, Zumaiako Futbol Taldean.

Euskal Herriko selekzioarekin hainbatetan aritutakoa zara, baina, aurten, Ekuatore Gineako selekzioko hautatzailearen deia jaso duzu, bitan. Zertarako?

Lehenengo deia otsailean jaso nuen, eta ordukoan absolutu mailako selekzioarekin Tanzaniara joateko proposamena egin zidaten, Afrikako Kopako kanporaketa bat jokatzera. Bi partida jokatu genituen: bata Tanzanian, galdu egin genuen hura; eta bestea Ginean, berdindu egin genuen hura. Emaitzak albo batera utzita, ordea, sekulako esperientzia izan zen; oso polita. Apirilean, berriz, 20 urtez azpikoen selekzioarekin Marokon bi lagunarteko partida jokatzeko deitu zidaten, eta esperientzia hori ere bikaina izan zen; partida bat irabazi egin genuen, eta bestea, berdindu. Biak esperientzia bikainak izan dira. 

Espero al zenuen Ekuatore Gineako selekzioko hautatzailearen deia?

Banekien aukera hori hor zegoela, baina, egia esan, deia jaso nuen unean ustekabe handia hartu nuen, ustekabe oso atsegina. 

Ekuatore Gineako selekzioak deitu izanak zer eragin izan du zugan?

Alde batetik, eta normala den bezala, poz handia eman dit; eta bestetik, futbolean jarraitzeko motibazio gehigarria izan da.

Berriz deituko dizuten itxaropenik ba al daukazu?

Datorren urtean izango da Afrikako Kopa, baina Ekuatore Ginea dagoeneko txapelketatik kanpo gelditu da; beraz, ezingo dut txapelketa hori jokatu. Hala ere, aurki beste aukeraren bat sortzea espero dut, eta asko gustatuko litzaidake berriz ere haien deia jasotzea. 

Eta bitartean?  

Bitartean, Zumaiakon dena ematen jarraituko dut.

Gustura al zabiltz herriko taldean?

Oso gustura.

Zer moduzko denboraldia egin duzue?

Sekulakoa, igoera fasera sartzea lortu dugu. Oso pozik gaude, eta ea mailaz igotzea lortzen dugun denboraldiari bukaera bikaina eman ahal izateko. 

Zumaiakon egiten dituzun entrenamendu saioez gain, zeure kabuz ere jarduten al duzu entrenatzen?

Bai, korrika egitera-eta joaten naiz, eta etxean ere aritzen naiz ariketak egiten.

18 urte beteko dituzu aurki. Zer ikasi nahi duzun edo zer bidetatik jo nahi duzun erabakita al daukazu?

Ez, ez neukan batere garbi, eta orain, Ekuatore Gineako selekzioak deitu eta gero, futbol profesionala aukera bat izan daitekeela pentsatzen hasi naiz.

Gustatuko litzaizuke futbol jokalari profesionala izatea eta bizimodua hortik atera ahal izatea?

Bai, noski, asko gustatuko litzaidake. 

Zer taldetan jokatzea gustatuko litzaizuke?

Ez dakit, momentuz ez naiz horretan pentsatzen jarri.

Futbolean jokatzeagatik kanpora joateko prest egongo al zinateke?

Bai, beti izan dut gogoa hemendik kanpo jokatu ahal izateko, ikusteko beste lekuetan zer-nolako maila-eta dagoen.  

Jarraitzen al duzu emakumen futbola?

Bai, partida asko ikusten ditut.

Ba al duzu futbolari erreferenterik? 

Bai, Salma Paralluelo Bartzelonako jokalaria da nire erreferente nagusia, asko gustatzen zait nola jokatzen duen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide