Markina-Xemeingo Gran Slameko ligaxka faseko hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zuten pasa den ostiralean Bizkaiko herriko Unibertsitatean. Goitiak eta Imanol Lopez puntista zumaiarrak ia ziurtatuta zuten finalerdietarako txartela, aurreko jardunaldia irabazi eta gero. Hala ere, garaipena lortzeko asmoz kantxaratu ziren Goixerri eta Manciren aurka.
Azken hauek aurreratu ziren markagailuan, lehen jokoa 15 eta 14 emaitzarekin irabazita. Bigarrena Goitia eta Lopezentzako izan zen, 10 eta 15 emaitzarekin. Partida erabakitzeko joko laburrean ere markinarra eta zumaiarra nagusi izan ziren, eta 1 eta 5 emaitzarekin irabazi zuten, finalerdietarako txartela ziurtatuz.
Finalerako txartela banatuko den finalerdian Erkiaga eta Ibarluzea izango dituzte Goitiak eta Lopezek aurkari.