Irene Irureta: Umeentzako bildumarik ez da egon flyschari buruz"

Juan Luis Romatet 2025ko uzt. 2a, 09:00

Irene Irureta, bere etxeko estudioan, libururako sortutako olagarroarekin. (Juan Luis Romatet)

Euskaraz egindako lehen 'pop up' liburua ondu du Irene Iruretak (Zumaia, 1989), flyscha gai bezala hartuta. Zumaiako Udalak emandako sormen beka jasoko du.

Liburu berezia egin duzu. Nola sortu zitzaizun ideia? 

Zazpi urteren bueltan, Karmele Gorroñorekin batera ibili nintzen lanean Irrimarra izenpean. Kanadara joan nintzenean, 2023an, nire bakarkako ibilbide artistikoa hasi nuen. Bakarkako bide honetan, lan karga gutxitu zitzaidanez, nire proiektu pertsonal bat sortzea erabaki nuen. Niretzako benetan berezia izango zena eta alderdi guztiak nik sortutakoak izango zituena: testua, ilustrazioa eta abar.

'Pop up' moduko liburu bat egitea okurritu zitzaizun. 

Gure amak betidanik izan ditu modu horretako liburuak etxean. Bere liburu haiek nik ditut orain! [kar-kar-kar] Halako liburu bat egiteko gogoa nuen. Begira egon nintzen eta ikusi nuen Euskal Herrian modu horretakoak ziren liburu bakarrak euskaratutakoak zirela. Gutxi batzuk zeuden, baina beste hizkuntza batzuetan idatzi eta gero euskaratu zituztenak ziren. Euskaraz egindakorik ez zegoen, eta iruditu zitzaian ondo egongo zela halako bat sortzea.  

Hor bururatu zitzaidan flyscharen inguruko liburua egitea. Euskal Herriko zerbait egin nahi nuenean, egokia iruditu zitzaidan. Begira aritu nintzen eta ohartu nintzen Euskal Kostaldeko Geoparkeak ez zuela umeei zuzendutako libururik. Helduei zuzendutakoak dezente, baina flyscharen inguruan haurrei zuzendutako bildumarik ez zegoen. Hor ikusi nuen aukera; gainera gure inguruko gaia zelako. Asier Hilariorekin [Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa, geologoa eta flyschean aditua] harremanetan jarri nintzen. Flyscharen inguruko zerbait egin behar banuen, haren babesa izatea garrantzitsua iruditzen zitzaidalako. Halaber, beharrezkoa ikusten nuen haiek jakinaren gainean egotea egiten ari nintzenaz. 

Asierri aurkeztu nion proiektua eta pila bat gustatu zitzaion. «Proiektua pop-up album bat izanda, inprimatzea oso garesti ateratzen denez, hura ordaintzen laguntzeko prest egongo al lirateke?», pentsatu nuen. Bilera bat izan nuen beraiekin, Asierrekin eta Leire Barriusorekin [Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerentea], eta prest azaldu ziren inprentaren kostuaren zati baten laguntza bat eskaintzeko. Behin hori jakin nuenean, Denonartean argitaletxearekin kontaktuan jarri nintzen, eta proiektuari baiezkoa eman zioten zer zen ikusi gabe. Nafarroako argitaletxea da, eta Unai Pascual editoreari pila bat gustatu zitzaion ideia. Betiere liburu bereziak ateratzen ditu, eta pentsatu nuen beraien lan ildoarekin bat egin zezakeela.  

Haurrei zuzendutako liburua da, baina ez da ohikoa. Ez da ipuin ilustratu bat, ezta? 

Ez da pasieran doan dinosauro baten istorioa. Asierrek testuak idazten lagundu zidan, eta munduaren historia kontatzen duen pop-up bilduma ilustratu bat da.

Flyscha zientzia eta geologiarekin lotzen dugu. Nola eraman duzu hori guztia umeei zuzendutako liburu batera? 

Orain arte kaleratu diren eta zientziarekin lotura duten album ilustratuak analizatu ditut, ideiak-eta nola islatzen dituzten ikusteko. Hilariok Geoparkeko gauza interesgarrienen gidoi bat sortu zuen, eta gero nik hori jarraituz testua sortu nuen. Argitaletxeak berak ere zuzenketak egin dizkio, egoki idatzita geratu zedin.

Zailena izango zen ideia horiek guztiak 'pop up' moduko liburu batean egitea. 

Hasiera batean ideia batzuk nituen: dinosauro bat mendian egongo da, eta atzetik pasako zaio meteoritoa. Baina gauza bat da zuk irudikatzen duzuna, eta bestea errealitatea. Agian mekanismoak ez du funtzionatzen, edo bi elementuk ez dute bat egiten. Marrazkiak moldatzen joan naiz mekanismoaren arabera. Pop up liburuek badute beste zailtasun bat. Album ilustratuek normalean hamasei bat orrialde izaten dituzte. Beste hauek gutxiago izaten dituzte, bost orrialdetik hamar ingurura. Egin dudanak zortzi orrialde izango ditu: lau orrialde ilustratu eta lau pop up; txandakatzen joango dira.  

Entrega datak betetzea ere garrantzitsua zen, Geoparkeak bere diru laguntzak justifikatu ahal zitzan. Bai ala bai, amaituta eta esku artean izan behar dugu. Horregatik, presio handiarekin aritu naiz lanean.  

Eskuz egindako marrazkiak al dira? 

Bai. Lan handiena mekanismoek eman dute, ez dudalako aurretik inoiz egin. Tailerren bat eginda nuen, baina liburu batean serio ez dut inoiz egin. Ez nekien, adibidez, inprimategira nola bidaltzen zen.  

Zenbat denbora eman dizu hau egiteak? 

Iazko urrian hasi nintzen informazioa biltzen eta orrialde bateko olagarro baten eredua egin nuen proiektuaren ideia erakutsi ahal izateko. Abenduan, Geoparkekoekin eta argitaletxearekin harremanetan jarri nintzen eta elkarlanean hasi ginen. Liburu normal bat azkarrago egingo nuen, baina mekanismoarekin lanean hasten zarenean, batzuetan ez du funtzionatzen. Hasieran, eredua txikian egin nuen, eta gustukoa nuen zerbait atera zitzaidanean, orduan prototipoa handiagoan egin nuen, orri zurian. Hor ondo atera zaidanean, elementu bakoitza eskaneatzen dut, marraztu, muntatu eta proba egin. Horrek denbora pila bat eskatu du: pop up-eko marrazki bakoitzarekin hilabete oso bat egon naiz lanean. 

Liburua bukatuta duzu. Noiz izango duzu esku artean. 

Orain inprimategiarekin nago harremanetan. Haiek ere azoka desberdinetan aritzen dira, eta pixka bat zain nago. Suposatzen dut egun hauetako batean probako liburua helduko zaidala, eta pixka bat urduri nago. Ikusten badut ondo dagoela, baiezkoa emango diot eta beste guztiak inprimatuko ditugu. Gero, honaino heldu behar dute. Hasieran pentsatzen genuen irailean aurkeztea, baina nik uste gehiago izango dela urrian. Ezarri nituen datak ondo jarraitu ditudan arren, beste hainbat faktorek eragina dute: batek berandu erantzun dizula, azokaren batera joan behar izan dutela lanarengatik, aldaketak egin behar direla… Egunak eta asteak galtzen joaten zara. 

Udalak emandako sormen beka jasoko duzu proiektu honengatik. 

Ezinbestekoak dira gure lana benetan baloratzen duten mota horietako bekak. Izan ere, proiektu batek maitemintzen zaituenean, dena ematen duzu buruan duzun hori ikusi edo ukitu daitekeen zerbaitetan bilakatzeko. Eta azkenean zure ahalegin eta denbora guztia eskaintzen duzun horretan doa. Horrelako beka batek ez dizu soilik laguntza ekonomikoa ematen, aitortza bat ere bada: gure lanak balio duela esan nahi du, eta merezi duenaren ideia indartzen du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide