Itzurun-Arranpla itsas zeharkaldian izena eman daiteke oraindik

Maria Maya Manterola 2025ko uzt. 2a, 11:12

Igerilariak Itzurun-Arranpla zeharkaldiko artxiboko irudian. (Taosa igeri taldea)

Larunbatean jokatuko da proba, eguerdi partean. Itzurun hondartzatik abiatu, eta Arbustaingo arranplara jo beharko dute igerilariek, tartean Talaimenditik igarota.

Guztia prest du Taosa Igeri Taldeak larunbat honetan jokatuko den Itzurun-Arranpla itsas zeharkaldirako. Goiz partean egingo dute haurren kategoriako proba, eta beranduxeago, eguerdian, helduena.  

Lehenbizi, 11:00etan, haurren probari emango diote hasiera, eta Santiago hondartzatik edo paolbidetik irten beharko dute Arbustaingo Arranplara, adinaren arabera. 500 eta 1.000 metro arteko saioak egingo dituzte. Jarraian, 12:00etan, helduei emango zaie irteera. Igerilari hauek 3.000 metroko distantzia bete beharko dute, Itzurunen hasi eta Arranplan bukatzeko.

Izena kronoak.com webgunean eman daiteke, bihar gauerdira bitarte. Helduek 35 euro ordaindu beharko dituzte; haurrek, 15 euro. 

Iaz, bertan behera

Iaz ezin izan zuten hondartza eta arrapala arteko zeharkaldia jokatu, itsasoaren egoeragatik. Itsasoz zeharkaldia ezin zenez egin, alternatiba bat aurkitu nahi izan zuten antolatzaileek, igeriketa saioa errioan egitea, hain zuzen ere. 

Hura ere bertan behera utzi behar izan zuten azken orduan, uraren kalitateagatik, analisietan e-coli bakteria aurkitu zutelako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide