Kamerarekin esperimentatzera animatzen duen lehiaketa

Juan Luis Romatet 2025ko uzt. 3a, 09:00

Eduardo Merino, lehiaketan saritutako argazkiekin muntatutako erakusketan. (Juan Luis Romatet)

Distira Zumaiako argazki elkarteak bazkideentzako lehiaketa soziala antolatu du aurten ere. Bosgarren edizioko lan sarituak Alondegiko sarreran izango dira ikusgai uztailean.

Udaleko Kultura Sailarekin elkarlanean antolatzen dituen argazki lehiaketa eta rallyez gain, Zumaiako Distira Elkarteak bazkideei zuzendutako lehiaketa soziala ere antolatu izan du azken urteotan. 2024ko urria eta aurtengo maiatza artean egindako lehiaketa Distirak antolatutako bosgarrena izan da, eta sarituak izan diren lanak Alondegiko sarreran zintzilikatu dituzte. Argazki erakusketa uztailaren amaierara arte izango da ikusgai, Alondegiko ordutegian. 

Eskoletako ikasturteen antzera, urritik maiatzera bitartean egiten dute lehiaketa soziala, parte hartzen duten argazkilariei erronka bat jarriz: gai jakin batzuen inguruko lanak atera beharko dituzte lehiaketan parte ahal izateko. "Hilero gai desberdin bat izaten dugu, eta hala argazki bilduma anitza lortzen dugu. Gaiaren arabera, argazki batzuk esperimentalagoak dira, eta besteak, tradizionalagoak", azaldu du Eduardo Merino Distirako bazkideak eta lehiaketa sozialeko arduradunak. 

Hogeitik gora bazkide ditu gaur egun Zumaiako argazki elkarteak, eta horietatik hamabostek hartu dute parte lehiaketa sozialaren azken edizioan. "Kopuru polita da, baina helburua bazkide guztiak lehiaketan parte hartzera animatzea da", gaineratu du Merinok. 

Lehiakideak "ohikoan argazki kamera kalera ateratzen ez" dutenak direla dio antolatzaileak. "Argazki kamera justu-justu oporretara eramaten duten bazkide horiei zuzenduta jarri genuen abian honako lehiaketa, kalean edo estudioan argazkiak atera, eta kamerarekin esperimentatzera animatzeko asmoz". 

Merinoren ustez, azken urteotan hobekuntza nabaritu dute lehiaketara aurkeztutako lanetan. "Hasiera batean, argazkilaritzan aritzen direnen edo teknika ondo ezagutzen dutenen lanak nabarmentzen ziren, baina denborarekin beste bazkideak ere oso lan onak aurkezten hasi dira".

Erronkak jartze horretan, Distirak Foronda kultur etxean duen estudioa erabiltzera ere animatu dituzte bazkideak azken urteotan. "Urte batzuetatik hona ikusten ari gara bazkideek gero eta gehiago erabiltzen dutela estudioa, erretratuetarako edo natura hiletarako. Estudio polita dugu, eta hango elementuak bazkide guztien eskura jarri nahi ditugu". Hala, datorren lehiaketarako aurkeztutako zortzi gaietatik lau behintzat, estudioa erabiltzeko modukoak direla dio Merinok.

Gaiak ez errepikatzen

Gai berriak lortzeak lanak ematen dizkiela ere azaldu du lehiaketaren arduradunak: "Ez ditugu gaiak errepikatzen". Gaiak proposatzerako orduan ere atrebentziak hartu dituztela dio. "Hasiera batean nahiko topikoak ziren, baina denborarekin gauza desberdinak proposatzen ditugu". Lehiaketa sozialaren azken edizioan honako gaien inguruko argazkiak atera behar izan zituzten Distirako bazkideek: lightpainting urrian, kale argazkigintza azaroan, liburua(k) abenduan, ura urtarrilean, txokolatea otsailan, putzuan isla martxoan, kandelak apirilean eta lekuz kanpo maiatzean. 

Distirako bazkideek irailerako jakiten dute hurrengo lehiaketarako gaiak, lanean hasteko. Merinok garbi utzi duenez, argazkilariek ezingo dute erabili artxiboko argazkirik. "Argazki berriak atera beharko dituzte", dio. Horrekin batera, lehiaketara aurkeztutako irudiek, gehienez, sei hilabeteko antzinatasuna izango dute. "Lauzpabost argazki txanda batean atera ahal izango dituzte, baina ez urte osokoak une berean", azpimarratu du. Lanak aurkezteko epe bat jartzen zaiela ere azaldu du Merinok, "baina beti dago norbait azken unera arte zain egoten dena. Horrentzako sari berezia egoten da sari banaketa ekitaldian", esan du irribarretsu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide