Zabaldu dute Julene Azpeitia ipuin lehiaketarako lanak aurkezteko epea

Juan Luis Romatet 2025ko uzt. 3a, 11:45

Iazko aldiko saridunak, sari banaketa ekitaldian.

Irailaren 30era arte egongo da lanak aurkezteko epea. Aurten, berrikuntza bezala, udaleko egoitza elektronikoaren bidez aurkezteko aukera ere zabaldu dute. 

Abian da dagoeneko Julene Azpeitia ipuin lehiaketa. Zumaiako Udalak sortu eta literatur sorkuntza bultzatu asmo duen jarduerak aurtengoarekin 38. edizioa beteko du.

Ohi bezala, aurkeztuko diren idatzien gaia librea izango da, eta euskara hutsean sortu beharko dira. Aurrez argitaratu diren lanak ezingo dira lehiaketara aurkeztu, eta idazlan bakoitzak, gehienez, sei orrialde izango ditu.

Guztira hiru sari emango dituzte: 3.000 euroko saria izango du irabazleak, 1.500 eurokoa emango diote bigarrenari, eta 1.000 euro jasoko ditu Zumaiako lan onenak. Udalak izendatutako epaimahaiak emango ditu sariak. 

Irailaren 30era arte jasoko dituzte lanak, udaletxean bertan, posta ziurtatu bidez bidalita edo, berrikuntza gisa, egoitza elektronikoan erregistratuta. Kasu guztietan eskabide orria bete eta entregatu beharko da.

Lehiaketako oinarriak hemen aurki daitezke. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide