Eserlekuan aldaketa izango ditu Pulpo Eskubaloiko Lehen Nazionaleko taldeak. Orain arte taldea gidatu duten Iraitz Mujikak eta Mikel Etxabek ez dute jarraituko hurrengo denboraldian. Pulpok aurkitu du, ordea, haien lekukoa hartuko duen bikotea.
Iban Narbaiza klubeko presidenteak azaldu duenez, aldaketaren atzean entrenatzaile izan direnen nekea dago. "Mujikak lau urte egin ditu lehen taldeko entrenatzaile bezala, eta hiru urtetan bi kategoria igo ditu". Azken denboraldian Lehen Nazionalean jarraitzea lortu du Pulpok. "Horren ondoren, Mujikak zein Etxabek esan ziguten nekatuta zeudela, eta erreleboa behar zutela", gaineratu du presidenteak.
Haien erabakia jakin bezain pronto hasi ziren entrenatzaile berriaren bila, eta, urrutira joan gabe, Usurbilen aurkitu dute. "Xabat Beloki izango da entrenatzaile berria. Usurbilgo eskubaloi taldean urte dezente egin ditu, eta azken denboraldiaren erdi aldera zuzendaritzari esan zion ez zuela jarraituko. Hala ere, ondo bukatu du, taldea Lehen Nazionalera igo du eta". Euskadiko selekzioko bigarren hautatzaile gisa ere aritu da, eta lau aldiz Espainiako eskubaloi txapelketa jokatu du Euskadiko jubenil neskekin.
Harekin harremanetan jarrita, baiezkoa eman zion Zumaiako klubari. "Hona etortzeko ilusioa egiten ziola esan zigun, eta guri ere pertsona egokia iruditu zitzaigun", azaldu du Narbaizak.
Bigarren entrenatzailea Xabi Agirre zumaiarra izango du. Klubeko gizona, nesken jubenil taldeko bigarren entrenatzailea izan zen iaz. "Prestakuntza fisikoan aditua den norbait eduki nahiko zuela alboan esan zigun Belokik, eta Agirre egokia zela pentsatu genuen. Berekin hitz egin genuen, eta baiezkoa eman zigun".
Jokalarien artean baja bat
Entrenatzaileena ez da izango Pulpok datorren urtera begira izango duen baja bakarra. Izan ere, taldeko kapitain izan den Aitor Segurolak ere taldea utziko du. Haren lekua orain arte Soriako eskubaloi klubean aritu den Beñat Narbaizak hartuko du. "Soriarekin Zilarrezko kategoriara igotzea lortu zuen, baina nahiago izan du herriko klubean jokatu", dio presidenteak.
Hurrengo denboraldira begira aurreko urteko blokea mantenduko dutela ere iragarri du Narbaizak. "Baja bakarra dago, eta haren lekua betekoa duena aurkitu dugu. Bestela, behetik gora datozen jokalariekin osatuko dugu taldea. Harrobia lantzen jarraituko dugu, eta herriko jokalariekin lanean. Polita da hori guretzako", esan du presidenteak.