Edonork dakien arren sorosleen lana premiazkoa dela eta prestakuntza egokia behar dela sorospen zerbitzu profesionalak emateko, sorosleek grebara jo behar izan zuten 2018an, ez zutelako lan egiteko baldintza duinik, ez materialik, ezta ekonomikorik ere.
Greba horrek eta garai hartan administrazioarekin egin ziren negoziazioek premiazkoa zen soldata igoera bat ekarri zien sorosleei. Soldata igoera horrekin batera, ordea, ate arriskutsu eta kaltegarri bat zabaldu zen: administrazioa enpresa pribatuen esku uzten hasi zen ordura arte fundazioen esku uzten zuen zerbitzua.
Zerbitzu publikoak enpresa pribatuen esku uzteak ageriko arriskuak eta arazoak dakartza: zerbitzua beti enpresa bakar baten esku edo lagunen esku geratzeko arriskua dago; lan hitzarmenen negoziazioak nahaspilatu eta zaildu egiten dira, hirugarren eragile batekin negoziatu behar baitira zuzenean administrazioarekin negoziatu beharko liratekeen baldintzak; eta arazo handiena, noski, hirugarren enpresa horren etekinak dira. Administrazioarekin hitzartutako gutxieneko baldintza batzuk bete behar dituzten arren, azpikontratatutako enpresek beraien diru etekinak lehenesten dituzte, kalitatezko zerbitzuaren, langileen lan baldintzen eta lanerako behar diren baliabide materialen gainetik.
Eta horixe gertatzen da hondartzetako sorospen zerbitzuetan. 2018ko greba haien ondoren, denbora luzean aritu gara gure lan baldintzak igerilekuetako eta eremu itxietako sorosleen baldintzekin parekatzeko eskatzen. Negoziazio askoren ondoren, azpikontratatuko enpresek soldatak parekatzea onartu dute probintzia hitzarmenean, eta urrats handia da hori. Tamalez, Gipuzkoako hitzarmen adostu berria aurten ez aplikatzea erabaki du Zarauzko Udalak, eta gure elkartasuna adierazi nahi diegu gure lankideei.
Hitzarmenak ez ditu, tamalez, zerbitzu onena emateko baldintza guztiak biltzen. Asko dago hobetzeko eta lehen urratsa administrazioak sorospen zerbitzuen kudeaketa zuzena egitea da.
Sorospen zerbitzuak publikoak dira, baina zerbitzu horien kudeaketa pribatua egiten baldin bada, herritar guztiok gara kaltetuak. Gestioa enpresa pribatuei ematean, administrazioak ez ditu kontrolatzen zerbitzua enpresa pribatuari esleitzeko ezarri dituen baldintzak behar bezala betetzen diren ala ez, eta horrek disfuntzio handiak dakartza; esaterako, hondartzetan gutxienez egon beharreko sorosleen kopurua txikiegia izaten da maiz, eta, kasu askotan, materialak eta azpiegiturak ez dira nahikoak edo egokiak.
Sorosleen batez besteko adina 22 urtekoa da, eta, ahal dutenean, beste lan egonkorrago batera joaten dira. Egoera horrek asko kaltetzen du lanaren kalitatatea, esperientzia falta delako eta, baldintza horietan, zaila delako sorospen lana ofizio bihurtzea.
Sorospen zerbitzua behar den uneetan nola eman aztertu beharko litzateke, zerbitzu horiek udako sasoira bakarrik mugatu gabe, jende asko joaten baita hondartzetara urtean zehar.
Ez dirudi, oraingoz, hori denik administrazioaren asmoa, baina prebentzio, salbamendu eta sorospen zerbitzuak ematen ditugunok borrokan jarraituko dugu, argi baitugu gure helburua: baldintza onak izatea, herritarrei zerbitzu onena emateko.