Garaipen handia lortu dute eskualdeko surflariek Hegoafrikan

Juan Luis Romatet 2025eko uztailaren 7a

Anette Gonzalez Etxabarri, Janire Gonzalez Etxabarri eta Nadia Erostarbe, sariekin Hegoafrikan. (Bat Basque Team)

Lorpen itzela lortu dute eskualdeko surflariek Hegoafrikan jokatutako Ballito pro txapelketan. Janire eta Anette Gonzalez Etxabarri zumaiarrek pasa den astean lortutako garaipenei, Nadia Erostarbe zarauztarrarena gehitu behar zaio. 

Handia da eskualdeko surflariek egun hauetan lortu dutena. Ballito pro txapelketa jokatu dute azken asteotan Hegoafrikan, eta kategoria guztietan nagusitu dira Urola Kostako surflariak. Janire eta Anette Gonzalez Etxabarri zumaiarren garaipenei, Nadia Erastorbe zarauztarrak lortutakoa gehitu behar zaio.

Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarrarena izan zen lehen garaipena. Junior kategorian lehiatzea izango duen azken urtean, maila galanta erakutsi, eta Ballito Pro Junior txapelketa irabaztea lortu zuen zumaiar gazteak ekainaren amaieran.

Egun gutxi batzuk geroago, Anette Gonzalez Etxabarriren txanda iritsi zen. Zumaiarrak, Qualifying Serieetako Ballito Open txapelketa irabazi zuen finalean Teresa Bonvalot portugaldarra menderatuz. Txapelketa horretan bertan, Janire Gonzalez Etxabarri final laurdenetara heldu zen. 

Biak ere kategoria absolutoan lehiatzeko geratu ziren Hegoafrikan. Anette Gonzalez Etxabarri lehen txandan kanporatu zuten; Janire ahizpak aurrera egin zuen, baina bigarren txandan kanpoan geratu zen. Bi zumaiarrak kanporatuta, mira Nadia Erastorbe zarauztarrean jarri zituzten. Fase bat bestearen atzetik gainditu eta gero, finalera heldu zen, eta han Hopkins portugaldarrari irabazi zion, euskal surfarentzako eta, bereziki, eskualdekoarentzako garaipen handia eta akaso errepikaezina lortuz. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide