Eva Franco: "Argazkilaritza arima elikatzea da niretzat"

Maria Maya Manterola 2025eko uztailaren 13a

Eva Franco. (Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Errealitatetik abiatzen da sortzeko, baina irudi surrealistak sortzen ditu. Izan ere, errealitatea bera da surrealista eta iluna Eva Francorentzat. Estudioko argazkilaria da, nahiz eta azken proiektu batzuk kanpoaldeetan gauzatu dituen. Distira elkarteko presidentea ere bada.

Apirileko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Argazkilaritza analogikoak liluratzen du Eva Franco (Zumaia, 1971). Gogoan du Zumaiako eskolan zegoen gela iluna, eta handik Londresera egin zuen salto, argazkigintzako ikasketetan sakontzera. Nahiz eta kamera zaharrek eta karreteek erakarri, irudiak sortzeko adimen artifizialaren gurdira igo da orain gutxi. Lehengo eta oraingo garaiez, irudigintzaz, irudien atzeko mezuez nahiz haren inguruan zesta-puntak duen presentziaz aritu da elkarrizketan.

Zer da argazkilaritza zuretzako? Zerk erakarri zintuen?

Ikasketa batzuk egin nituen Londresen. Donostiara itzuli nintzen argazkilaritzaren oinarriei buruzko ikastaro bat egitera, eta bide batez, pentsatzera ea Londresera itzuli nahi nuen ala ez. Ez nintzen kokatzen hemen, eta banekien han mugimendu berri bat zegoela, asko erakartzen ninduena. Reading College and School of Arts and Design unibertsitatera joan nintzen hitz egitera eta nire lanak erakustera, lotsa-lotsa eginda, baina potentziala ikusi zidaten eta aukeratu egin ninduten.

Hemen ez zegoen halako arte mugimendurik, baina Egiguren anaiek Ardantzabideko argazki estudioan egiten zuten lan, eta argazki horiek gero Vogue aldizkarian ikusteak liluratu egiten ninduen. Amets bat zen. Irudiak gustatzen zaizkit, baina marrazten ez naiz oso abila. Argazkigintza izatea nahi nuen nire adierazteko bidea.

Non eman zenituen lehen pausoak argazkilaritzan?
Zumaiako eskolan laborategi bat zegoen, eta han pixka bat ibili nintzen. Asko gustatzen zitzaidan gela iluna, baita hango usaina ere. Dena analogikoa zen; ez zegoen besterik. Magikoa zen prozesua: papel txuri batetik irudia sortzen ikustea, zintzilikatu eta argia ematea. Oraindik ere karrete bat aurkitzen badut, kontuz zabaldu, eta sudurra sartzen dut gelditzen zaion usain apurraz gozatzeko.

Ba al zenuen gogoko argazkilaririk?

Banituen, bai. Hasierako garai haiek oso mugituak ziren Ingalaterran: MTV, Video kill the radio star, i-D magazine... Irudiaren aldetik ere aldaketak izan ziren, eta 70eko hamarkadako nostalgiaren ukituak nabari ziren. Rock mundua ere popera gerturatzen hasi zen. Gainera, unibertsitateak berak pabiloi oso handiak zituen, eta serigrafia, bideogintza, argazkilaritza eta abar lantzen ziren horietan. Gogoan dut korridoreetako kola usaina. Sorkuntzarako garaia zen.

Zer-nolako argazkiak atera zenituen hasieran?

Hasieran teoria kontrolatzea beharrezkoa da: marrak, ihes puntua, kurbak, kontrasteak, konposizioa... Proiektuak egiten dira gero hori guztia lantzeko.

Donostian Maria Kristina zubira joaten ginen bertatik argazkiak ateratzera, eta errio aldera begira jarri beharrean, faroletako harrizko dragoiei beha jartzen nintzen.

Zer pentsatzen duzu orduko Eva Francoz?

Gogo handia zeukan. Kuriositateak mugitu izan nau beti. Banekien zerbait sakonagoa bazegoela, nahiz eta ez jakin non. Ikusten nuena oso aspergarria zen, baina denborarekin eta pazientziarekin, geruza sakonagoetara joan nahi nuen.

Egunsentiei argazkiak egitera joaten ginen, baina nik ez nuen eguzkiaren zain egon nahi. Jarri dezaket eguzki bat nahi dudan lekuan, eta beltza izan daiteke.

Ez zara geldirik egotekoa. Nabaritu duzu eboluzioa ordutik?

Niretzako aldaketa etorri zen konturatu nintzenean pertsona bat behar nuela. Beste batzuek ahalmena dute bere burua kamera aurrean jartzeko. Niri ez zait gustatu.

Unibertsitatean pabiloi izugarriak genituen lanerako, eta bi pertsona egoten ziren lanean guretzat. Esaten genien zer kamera behar genuen, zer filtro, tripode... Eta set dana prest uzten ziguten; baliabide guztiak eskura geneuzkan.

Estudioko argazkilaria zara. Nola moldatzen zara estudioan?

Estudiokoa naiz, eta kanpora joan izan naizenetan, estudioko teknikak aplikatu izan ditut. Maskarada proiektuaren ondoren, erakargarriagoa egin zait estudioko hondo beltz planoaren ordez beste hondo batzuekin lan egitea. Hala ere, kanpoaldean lan egiteko behe lainoa edo argi bereziren bat egon behar da. Besterik gabe, norbait Itzuruneko flyscharen parean jarri eta argazkia aterata, uste dut lan horri zerbait faltako litzaiokeela.

Argazkilari askok beldurra diote estudioari.

Bai. Nik ere ez dakit askotan zer lente erabiltzen ari naizen edo fokuen argia nola doitu, baina beti mugitu dezakezu aurrera eta atzera. Gaur egun, gainera... Lehen hamabi argazki atera zenitzakeen, eta diru asko balio zuten. Ondo pentsatu behar zen, diafragma zabalik beharrezko denboraz utzi... Ezin zen hutsik egin.

Estudioan ondo moldatzen naiz nik neuk kontrolatzen dudalako guztia. Sortu nahi duzunak daukan lan guztiarekin, egoera behintzat kontrolpean eduki dezakezu, nahiz eta atea zabalik utzi gerta daitekeenari. Eguzkia ez da inoren zain egoten; argazkiak ateratzen badituzu, ohartuko zara zer azkar mugitzen den.

Noiz sentitzen duzu argazki bat "bukatuta" dagoela? Nahi zenuen hori lortu duzula?

Ateratzen dudanean sentitzen naiz gustura. Argazkilaritzaz gehien analogikoa zenean gozatu nuen. Urte haietan sortu zuten Photoshop programa. Unibertsitatera ordenagailu bat ekarri zuten programarekin, eta horretarako bakarrik erabili genezakeen hura. Liburutegi baten parekoa zen: dokumentuetara sarbidea geneukan, eta hortik lortzen genituen lanerako gauzak. Niretzat hori ez zen erakargarria.

Orduan hasi zen kameren digitalizazioa. Desengainu bat izan zen niretzat: Harryk [Watkins, bikotekidea] esan zidan oparitu egingo zidala kamera digital bat, eta dendan, eskuetan hartzen nituenean, denak plastikozkoak eta arinak zirela dut gogoan. Ohituta geuden burdinera, eta zaratetara. Entzumenarekin egiten genituen argazkiak: bisorean bi klak honuntza, argazkia atera... Digitalekin menuetan mugitzen hasi behar izan genuen. Gorroto ditut.

Azken urtean hainbat proiektutan parte hartu duzu, baina mitologia eta antropologia presente daude zure argazkietan. Zerk eraman zaitu gai horiek lantzera?

Irratizalea naiz, ohetik atera aurretik martxan jartzen dut, gertatu dena entzutea gustatzen zait eta kritikoa naiz nire bizitza mundu honetan eramateko moduarekin. Errealitateak inspiatzen nau errealitatetik kanpo kokatutako gauzak sortzeko. Puntu surrealista eta iluna dauka nire lanak, baina niretzat errealitatea da iluna eta surrealista. Horrekin jolastea gustatzen zait; borroka, maitasuna, iluntasun hori irudikatzea. Errealitateak sortzen dit errealitate alternatibo bat sortzeko beharra.

Argazkilaritza arima betetzea da niretzat, elikatzea. Dirua lortu eta sabela betetzea behar bat da, baina arima asetzearekin pixka bat mokofinagoa naiz. Ez dut edozein modutara lortzen; musikarekin, irudiekin, modarekin, liburuekin, sinbologiarekin... Gauzen atzeko mezuekin lortzen dut. Barruan gertatzen ari zaizuna kanpoan islatuta ikustea da gustatzen zaidana.

Adimen artifizialarekin lan egin duzu azkenaldian. Ez dira argazkiak horren bidez sortutakoak. Zer dira?

Irudiak dira. Burua joan zaigula uste dut. Lehengora itzulita, analogikoarekin asko gozatzen nuen nik, eta digitala hasi zenean ez nintzen moldatzen. Urteak pasatu nituen horri bizkarra ematen.

Digitalarekin argazkia bukatzea zaila egiten zait. Photoshopa tresna oso ona izan daiteke aurpegitik pikortak kentzeko, baina beharbada, pikorta hori azal dadin nahi duzu. Aukerak milioika dauzkazu, eta berriz argazkia ateratzen hasi zaitezke: lore hau kendu eta haren ordez luma bat jarri, soineko gorria berde bilakatu... Buffet bat da; ozeano bisual bat.

Urtebete daramat sare sozialetatik kanpo. Osasun aldetik ere kolpe bat izan nuen duela bi urte, eta bisualki atsedena behar nuen. Gaininformazio izugarria dago, dena kaka nahaste bat bihurtu da. Adimen artifiziala niretzat iraultza izugarria izan da, eta Photoshoparen gurdira igotzen jakin ez nuenez, kasu honetan, bi aldiz pentsatu gabe, aukerari heldu diot.

Ez da berehalako prozesua nahi den irudia lortzea adimen artifizialarekin.

Egun osoa pasa nezakeen lortzeko emakume bat bi begirekin eta bost hatzekin. Adimen artifiziala haur baten parekoa da: irudi pila bat dauzka, eta konglomeratu bat egiten du, baina ez dauka heldutasunik. Haur batek ere lau marrako marrazki bat egin dezake pertsona bat adierazteko.

Ordenagailuen mundua etorri da bere hizkuntzarekin, eta inork ez du ikasi. Orain adimen artifizialaren bidez gure hizkuntza ulertzen dute ordenagailuek, eta nola adierazten garen ere bai. Hori izugarria izan da. Nor hasiko litzateke, bestela, 0 eta 1 erabilita komunikatzen?

Asko ari da aldatzen adimen artifizialaren mundua; astero daukazu eguneraketa berri bat. Nik ez dut eguneratzen, modelo zaharretan geratzen ari naiz. Sorpresak ematen dituzte. Egin diezazuke irudi bat pertsona batena begi bakarrarekin eta zortzi hatzekin, baina espero ez duzun zerbait dauka irudiak. Gauza oso groteskoak sor daitezke. Adimen artifiziala errealitatetik gertu egon dadin nahi dute, baina lehen esandakora noa: ez zait errealitatea interesatzen.

Badaukazu jarraitzeko asmorik, edo itxitako kapitulua da?

Gela ilunera itzuliko naiz, analogikora. Nire kamerek ez dute teknologiarik eta botoirik izango. Argazkilaritza estenopeikoari helduko diot: denbora besterik ez dago hor. Niretzako sortu nahi dut, inor gogaitu gabe.

Distira elkarteko presidentea ere bazara.

Formakuntza jasotzeko bideo batzuk prestatzen ari naiz. Denok galduta gaude, bakoitza bere aldetik dabil, eta argazkigintzaren oinarriak gogoratzeko balio dezaten nahi dut. Oinarrira itzuli behar da, teknika puntua berreskuratzeko. Jendeak beldurra dio horri, baina argazkia da argia eta irudia itsasteko euskarri bat. Paisaiak eta natura hila ez dira nire gogoko esparruak, baina gainerakoei ere gustatzen zaizkien gaiak hartu ditut.

Zure familia zesta-puntari oso lotuta dago. Lehengusuak puntistak izan dira, bat munduko onentsuena. Orain zure seme-alabak kirol horretan dabiltza.

Denok uste genuen Iñakirekin [Osa Goikoetxea] bukatuko zela zesta-puntaren kontua. Beste garai bat zen, frontoiak hutsak zeuden, eta Iñakiren azken urte hartan animatu zen Frida [Watkins, alaba] esku pilotan izena ematera. Ez zegoen plazarik, eta esan zioten zesta-puntan ez zebilela inor. Zesta eskuan jarri zuen, eta bi astera eman zuten izena bi semeek [Woody eta Marlon Watkins]. Hasi zirenean uste nuen bolada bateko kontua izango zela, eta pasatuko zitzaiela. Frida futbolean ere bazebilen, eta askotan jokatu izan zuen txorkatilaren bat bihurrituta zestan. Bat edo beste hautatu behar zuenean erabaki zuen zesta-puntaren alde egitea. Aste batean ia egunero dauzkagu seme-alabaren baten entrenamenduak edo partidak; zortez, igandea libre izaten dugu.

Nola bizi duzu hori?

Garbigailuaren eta gasolinaren artean. 17 urte egingo ditu Fridak apirilean, baina 14 urterekin hasi zen zesta-puntan, eta jokatzen zuenean ez zen inor egoten frontoietan. Jokatzen zuten haurren gurasoak egoten ginen, lau katu. Gero, Ander Bilbao hasi zen neskak elkartzen, eta Xistera proiektua ere sortu zuten.

Aldea dago jolasaren eta lehiaren artean. Eskolan guztia jolasa da, baina lehian sartzen zarenean, eragin psikologikoa du horrek. Ez zaude eskolako jolas garaian. Beste kirol batzuetan taldearen babesa daukazu, baina frontoiak badauka oholtza puntu bat. Ikusleek dena ikusten dute, ezin da disimulatu. Gainera, badute beraiena ez den karga bat jokalari gazteek: dinastiak, belaunaldiak... haiei argia itzali behar zaie.

Azken hiru urteetan aldaketa izugarria gertatu da, inork ez zuen hau espero. Ez geuden hain prest.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide