Euskal Jai egunean lan egiteko izena emateko azken eguna da gaur

Maria Maya Manterola 2025eko uztailaren 11

Sagardo dastaketa, 2022ko Euskal Jai egunean. (Guka)

Bazkari herrikoia zerbitzatzeko eta sagardo dastaketan edalontziak banatu eta edaria ateratzeko lana eskaini die udalak aurtengoan ere herriko talde eta elkarteei. Alondegira jo beharko da izena emateko.

Urtero bezala, herriko talde, elkarte edota klubei zuzendu zaie udala Euskal Jai egunean lan egiteko. Aurtengoan abuztuaren 8an izango da, eta egitarauaren barruan, herri bazkaria eta sagardo dastaketa antolatu dituzte. Bietan ere taldeentzako moduko lana aurreikusi dute. Gaur (uztailak 11) da izena emateko azken eguna, eta horretarako, Alondegia kultur etxera (943-86 10 56 / kultura@zumaia.eus) jo beharko da.

Bazkaria eta dastaketa

Bazkari herrikoiaren kasuan, talde batentzako lana aurreikusi dute. Lan honetako ezaugarri nagusia da 400 laguni herri bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea, bazkaria atera, txartelak kendu eta karpara sarrerak zaintzea, eta baita ondorengo txukuntze eta jasotze lanak.

Arratsaldean, berriz, sagardo dastaketa egingo dute. Hamar sagardotegitako sagardoa eskainiko dute, eta horretarako aurrez edalontziak salduko dira. Hala, taldearen lana izango da egun horretan postuak ezartzea, edalontziak saldu eta sagardoa banatzea, eta aurrez eta ondoren beharrezko lanak egitea.

Izen ematearen arabera taldeei bilera batera dei egingo zaie eta beharrezko azalpenak eman. Taldeen arteko zozketa bilera horretan egingo da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide