Laboaren txoriak

Okil handia (Dendrocops major)

Imanol Manterola 2025eko uztailaren 12a

Okil handia. (Imanol Manterola)

Zumaia Guka aldizkariko Laboaren txoriak atalerako sortutako edukia da honakoa. 

Pizidoen familiako hegaztia dugu okil handia, pajaro carpintero izenez ezagunagoa dena. Gure lurraldean ikusten diren eta kolore zuri-beltzak dituen hiru espezieetatik handiena da. Ez da oso ugaria, baina ia baso zabal guztietan aurkituko dugu, batez ere, zuhaitz zaharrak aurkitzen diren eremuetan. Sabelalde zuria edo krema kolorekoa du, bizkarra beltza orban zuri handiekin, eta izter aldea gorri bizia. Beltza du burua, masail zuriekin apaindua. Moko oso sendoa du, beltza eta zorrotza, zuhaitz azal zein enborrak zulatzeko ongi prestatua. 

Ar eta emeen arteko desberdintasun handiena kokotean bereiz daitekeen orban gorria da (argazkian ikusten duguna arra da); emeek, orban beltza dute lepoan. Basoetan ikustea ez da erraza, baina entzutea bai. Bere mokoarekin zuhaitz enborra indarrez jotzen du erritmo azkar eta biziekin, eta oso urrunetik entzun ditzakegu. Udaberrian bikoteek elkarri deitzeko erritmo bereziak erabiltzen dituzte. 

Beste izen batzuk: basaokil, arotz handi, katatxori…

Luzera eta hego zabalera: 23-26 zm eta 38-44 zm.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide