Txirrindularitzazaleek geldialdia egin zuten pasa den larunbatean Zumaian. Zumaia Sariak izan ziren jokoan zapatuan: goizez kadete mailako txirrindulariak aritu ziren; bazkalondoren, berriz, jubenil mailakoak. Apustu handia egin zuen Zumaiako Txirrindularitza Elkarteak bi kategoriatako lasterketak antolatuz egun berean.
Kadeteek 55 kilometroko lasterketa egin behar izan zuten larunbat goizean. Eskualdeko errepidetan zehar aritu ziren, eta Axular ibiltokira bertaratu aurretik Arroa Goira igo behar izan zuten. Ohi bezala, esprintean erabaki zen irabazlearen izena: Amets Eguren (Cafe Dromedario-Flotamet) izan zen azkarrena, 1:16:54 denborarekin. Bigarren Xabier Solaun (Luyando-Ganzedo)sailkatu zen, eta hirugarren irabazlearen talde bereko Aratz Asumendi.
Arratsaldez, junior mailako ziklisten txanda izan zen. Hauek, 102 kilometroko bidea zuten aurretik, eta amaieran Meagako eta Garateko igoera. 11 txirrindularitz osatutako taldetxoak bakarrik heltzea lortu zuen, eta haien artean erabaki zuten irabazlea, nola ez, esprintean. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko Beñat Sainz irabazteko zorian izan zen etxean, baina azken esprintean Eneo Ugartemendia (GT Tolosa-Danena) nagusitu zitzaion. Bigarren izan zen zumaiarra. Hirugarren Conor Aranburu (Zu eta Biok) sailkatu zen.