Abuztuaren 3an jokatuko dituzte Anaderen arrantza lehiaketak

Juan Luis Romatet 2025eko uztailaren 15a

Arrainak pisatzen, iazko Kabra eta dontzeilen lehiaketan. (Juan Luis Romatet)

Iaz egin bezala, egun berean jokatuko dituzte Arrain txiki eta Kabra eta dontzeilen arrantza lehiaketak. Azken horren 50. aldia izango da aurtengoa.

Urteroko legez, abuztuarekin batera, Anade elkarteak bi arrantza lehiaketa antolatuko ditu, Arrain txiki eta Kabra eta dontzeilen lehiaketak, hain zuzen. Iazko moduan, aurten ere biak batera jokatuko dituzte, abuztuaren 3an, igandez. 

Arrain txiki lehiaketaren 51. aldia izango da aurtengoa. Goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean egingo dute arrantza, errioan, Julio Beobide ibiltokian zehar. Arrantza eremua Arranplatik Talaipera artekoa izango da. Jaurtiketa modalitatekoa izango da, eta heriotzarik gabekoa. Hau da, behin hartutako arraina pisatu ondoren, uretara itzuliko dute.

Izenak egunean bertan emango dituzte, Anadek Kofradian jarriko duen mahaian. Behin izena emanda, arrantza gunera joango dira parte hartzaileak. Sari banaketa Kofradian bertan egingo dute. 

Egun berean jokatuko dute aurten 50. aldia beteko duen Kabra eta dontzeilen arrantza lehiaketa. Goizeko lehen ordutik eguerdira arte egingo dute parte hartzaileek arrantza. 07:30ean aterako dira Zumaiako portutik eta 12:30erako lehorrean egon beharko dute. Ontzi bakoitzean gehienez bi lagun joango dira eta Itsasoko Arrantzarako Lizentzia eguneratuta eraman beharko dute.

Izen ematea Anade elkartean egingo dute, uztailaren 29 eta 30ean, 20:00etatik 21:00etara bitartean. Sari banaketa, bere aldetik, abuztuaren 3an egingo dute, Kofradian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide