"Oinarrizko proiektuak" bultzatzen "motel", "anestesiatuta" eta "ekimen faltarekin". Horrela ikusten du Zumaiako PSE-EEk EH Bilduren udal gobernua. Egungo udal agintaldiaren erdia bete denean, lehen bi urteen balantzea egin dute sozialistek, eta "udalerriaren garapena moteltzea" leporatu diote udal gobernuari.
"Administrazioan epeak motelak direla badakigu. Horregatik, ezin dugu denbora galtzen jarraitu, gobernu hau egiten ari dena", adierazi du Duñike Agirrezabalaga bozeramaile sozialistak.
Etxebizitzak eta kiroldegia
Etxebizitza da PSE-EEren "apustu nagusietako bat", eta Zumaiako talde sozialistak ere arlo horri lotuta plazaratu ditu proposamen eta kezka nagusiak.
Agirrezabalagaren ustez, "premiazkoa da neurriak hartzea" etxebizitzarekin zerikusia duten arazoei aurre egiteko, eta "udalak gehiago inplikatu behar du herritarren kezka nagusietako bati erantzuteko". Sozialistek proposamen nagusi bat jarri dute mahai gainean: Guascor zaharreko eremua babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzera bideratzea, jarduera ekonomikoetarako eta enpresa jardueretako erabili beharrean. Sozialisten udal taldearentzat, etxebizitzak Guascor zenaren inguruan kokatzea da "zumaiarrentzat interesgarriena", EH Bilduk proposatutako Narrondoko eremuen eta EAJ proposatutako Basustakoaren gainetik.
"Zumaiarrak Zestoara eta Arroara kanporatzeari utzi behar zaio, eta Zumaian bigarren bizileku izateko etxebizitzak egiteari utzi behar zaio. Izan ere, etxebizitza turistikoez gain, bigarren etxebizitzek prezioari eragiten diote eta gure bizilagunak lekualdatzen dituzte", azaldu du sozialisten bozeramaileak.
Kiroldegiaren "etorkizunak" ere kezkatzen du Zumaiako PSE-EE. Proiektua "betikotu nahi ez bada", egungoa birgaitzea eta teilatuaren azalera kirol pista berriak jartzeko aprobetxatzea proposatzen dute sozialistek.
"Agintaldiko bi urte igaro dira, eta askoz gehiago egin zitekeen. Gobernu anestesiatu bat ikusten dugu, proiektuak aurrera ateratzeko ekimena falta zaiona. Horren aurrean, talde sozialistak oposizio eraikitzailea egiten jarraituko du, eta horren ardatz nagusia herritarren ongizatea izango da", berretsi du Agirrezabalagak.