Udako Braderie kaleko azoka egingo dute bihar eta etzi Erriberan

Juan Luis Romatet 2025eko uztailaren 17a

Erribera kalean egindako Braderie azoka, artxiboko irudian.

Herriko 25 saltokik aterako dituzte postuak kalera Gertu merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatutako jarduera horretan. 

Azken urteotan egin bezala, udako Braderie azoka antolatu du Gertu merkatarien eta ostalarien elkarteak. Bihar eta etzi egingo dute jarduera, eta, informatu dutenez, elkarteko 25 saltokik aterako dituzte postuak kalera. Bihar goizez eta arratsaldez egingo dute, eta larunbatean ordutegi jarraian, 10:00etatik 20:00etara.

Azoka Erribera kalean egingo dute. Bertako establezimenduek saltoki aurrean jarri ahal izango dituzte gaiak. Beste auzoetan dutenentzako, aldiz, karpak eta mahaiak izango dituzte eskura. Bezeroak inguratu nahian, erosketak egingo dituztenen artean 500 zozkatuko dituzte erosketa txarteletan.

Azokarekin batera, bestelako ekintzak ere programatu ditu Gertuk bi egunetarako. Bihar, 17:30ean, ipuin kontaketa saioa egingo dute Erribera kalean bertan. Larunbatean, berriz, lau jarduera izango dira:

  • 11:00. Umeentzako Talo tailerra (Amaiako plazan).
  • 12:00. Trikitilariak.
  • 12:00. Kale antzerkia, Alain Kortazarren Showman.
  • 18:30. Bentazaharreko mutiko alaia taldea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide