Markina-Xemeingo txapelketa irabazi berri, eta Ipar Euskal Herriko denboraldian murgilduta, Gernikako Jai Alai Grand Slamaren aurtengo aldian debuta egingo du gaur Imanol Lopez puntista zumaiarrak. Txapelketa bihar hasi eta abuztuaren 26ra bitartean jokatuko dute eta Jai Alai Ligarako sailkapenerako puntuagarria izango da. Partida guztiak larunbatetan jokatuko dituzte, 21:00etan, finala izan ezik, San Roke egunean, abuztuaren 26an jokatuko dutena.
Ludovic Laduche aurrelari lapurtarrarekin osatuko du bikotea Lopezek abiatzear den txapelketan. Gaurko partidan Barandika eta Gorka izango dituzte aurkari. Bi bikote horiekin batera, Johanek eta Del Riok osatuko dute B multzoa.
Jai Alai Ligako sailkapenean jauzi garrantzitsua eman du Lopezek, behin Markina-Xemeingo txapelketa irabazi eta gero. Hamabigarren zen, eta zortzigarren postura igo da sailkapenean. Hala ere, ez dago lau atzelari onenen artean, eta azken fasea jokatu nahiko badu, Gernikako hitzorduan eta Iparraldeko udako denboraldian puntuak pilatu beharko ditu.