Sara Uribe-Etxeberria: "Deserosoa izan behar du idatzitakoa partekatzeko momentuak"

Maria Maya Manterola 2025eko uztailaren 20a

Sara Uribe-Etxeberria, Mari kalean. (Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Lehen poemarioa argitaratzear da Sara Uribe-Etxeberria (Zumaia, 2005), Donostia Kultura Poesia Saria eskuratu berritan. Azken urteotan hainbatetan saritu dute. Poesiaren formatu txikia gustatzen zaio, "gehiago zaindu" daitekeelako, eta gainera, "gehiago konektatu dezakeelako pertsonekin". Ekaineko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Berriki Donostia Kultura Poesia Saria jaso du Sara Uribe-Etxeberria zumaiarrak. Kuntzak eta kerak obragatik saritu dute, hain zuzen, eta Balea Zuria argitaletxearen bitartez, poemarioa argitara eramango du orain liburu batean. Ez da izan eskuratu duen lehen saria: 2022. urtean R. M. Azkue literatura sarietan, poesia arloan, lehen saria irabazi zuen. 2022. eta 2023. urteetan, berriz, Urruzuno literatur lehiaketan, poesia arloan, saritua izan zen. Literatur lehiaketek "bidea mugatu" dezaketen arren, arlo horretan murgiltzeko bide bakarra dela uste du Uribe-Etxeberriak. Lehiaketez, euskal poesiagintzaz eta sorkuntza prozesuaz aritu da, besteak beste, elkarrizketan.

Nondik datorkizu literaturarekiko zaletasuna?

Ohikoena da irakurzalea izatea eta gero idazten hastea. Niri alderantziz gertatu zitzaidan: ez naiz oso irakurzalea izan, baina idaztea gustatu izan zait. Uste dut denok hasten garela behar batetik idazten, eta geroz eta gehiago gustatzen zaigula. 

Eskolan lehiaketetan parte hartzera animatzen gaituzte. Uste dut San Telmo saria izan zela parte hartu nuen lehen sariketa.

Pertsona, liburu edo esperientzia jakinen batek eraman zaitu idaztera?

Bizitzak berak ekarri nau hona. Pertsona batzuk motibatu naute jarraitzera, dena den. Inguruan gertatzen diren gauzak eta ezinegonek eraman naute, inguratzen nauenak.

Ez da ohikoena poesian jardutea. Zergatik poesia?

Asko gustatzen zait poesiak daukan alor estetikoa: hitz bakoitza zaintzea. Pixka bat obsesiboa ere bihurtu daiteke... Baina gustatzen zait hitz bakoitzak zentzua izatearena, hitz bakoitza kontrolatzearena, kolore bat izatea testuak, forma bat... 

Pertsonekin gehiago konektatu dezake poesiak prosaren aldean. Pertsonalagoa ere izan daiteke, eta norberak bere egin dezake, gainera. 

Nola antolatzen zara idazteko? Sorkuntza prozesua ere intimoa eta pertsonala izaten da zuretzat?

Egia esan, ez dut prozesu zehatzik jarraitzen. Bat-batean etortzen zaidan zerbait izaten da hasiera, eta gero, eserialdi bakar batean idazten dut testu bat osorik. Entzundako edo ikusitako zerbait izaten da abiapuntua. Hortik tiraka etortzen zaikit hitzak edo esan nahi dudana. 

Inguruan gertatzen denari erreparatzea garrantzitsua da idazteko?

Bai, hori da.

Prosan idazten saiatu zara?

Bai, baina ez asko. Gustatzen zait, baina gauza zehatzagoetarako. Liburu bat idazteko ez da molde aproposa niretzat; oso perfekzionista naiz, eta uste dut kontroletik kanpo geratuko litzaizkidakeela gauza asko. Poesia formatu txikiagoa da, gehiago zaindu daiteke. 

Inspirazioa etorri eta joan egiten da, edo landu daiteke?

Ez daukat erantzun zehatzik, egia esan. Inspirazioa landu daitekeela uste dut, baina bilatze hutsagatik ez duzu beti topatuko. Etor daiteke landuta, edo ez. Emozioekin zerikusi handia ere badu, nire ustez: inspirazioa bilatu dezakezu, baina blokeatuta bazaude emozionalki, ez zaizu aterako. Egoera emozionalarekin dago lotuta.  Ez du esan nahi pozik egon behar duzunik, baizik eta ea zerbait ateratzeko gai zaren zure egoera emozional horrekin. 

2022an Urruzuno lehiaketan saritu zintuzten Kaiola beltza poesiarengatik. Resurreccion Maria Azkue saria ere eman zizuten. Zerk bultzatuta parte hartu zenuen lehiaketa horietan? 

Egunerokoan gertatzen zitzaizkidan gauzekin baneuzkan idatzita olerki batzuk. Irakasle batek parte hartzera animatu gintuen, eta inoiz entzun gabeko lehiaketa haietan izena ematea erabaki nuen. Pentsatu nuen bide bat izan zitezkeela eginda neukana erakusteko. Bi lehiaketa horietara aurkeztu nintzen, eta saritu egin ninduten. Nahikoa prozesu indibiduala eta bakartia da idaztearena, niretzat, behintzat. Aukera bat izan dira lehiaketa horiek egindakoa erakusteko eta jendea ezagutzeko. Motibazio handia eman zidan saria jasotzeak. 

Propio zerbait sortu zenuen lehiaketetarako, edo eginda zeneuzkan olerki horiei aterabide bat emateko modu bat ere izan zen parte hartzea?

Sortuta nituen poesia horiei beste forma bat eman nien eta aurkeztu egin nituen, lehiaketetan eskatzen zituzten baldintzetara egokituta. 

Ustekabea izan al zen sariak jasotzea?

Bai. Uste dut horrelako zerbait inoiz ezin dela espero, esperantza eduki arren. Poz handia eman zidan.

Zer garrantzia ematen diezu sariei? Zer esan nahi dute zuretzat? 

Literaturaren munduan murgiltzeko modu bakarrenetakoa dira lehiaketak. Tristea da, mugatzen duelako bidea, eta sarbidea zailagoa delako. Beste alde batetik, aukerak ematen ditu, eta baloratu behar da. Parte hartzeko beste modu batzuk badaude, eta gehiago sortzen ere ari dira, hala ere. Aitortza bat da egindako lanarengatik sariak jasotzea, baina kontuz ibili behar da logika toxikoetan erori gabe: irabazten baduzu, ondo; ez baduzu saririk jasotzen, gaizki... Nire kasuan, nik inoiz ez ditut sari horiek espero izan, baina neurria hartu behar zaio. 

Aipatu duzu zuretzat prozesu indibiduala dela idaztearena. Bertigoa ematen al du gero hori partekatzeak?

Bakarrik egiten dudanean gehiago husten naiz. Prozesu horretan jende gehiagorekin egoteak baldintzatu egiten nau. Besteen iritzia jakitea inportantea da, baina nire intimitatean hobeto egiten dudala uste dut, modu askeago batean. Erakusterakoan beti sentitzen dut urduritasun puntu bat, baina momentua deserosoa izan behar da. Bestela sentitzen dut ez dudala eman eman nezakeen dena, eta lasaiegi sentitzea seinale txarra da niretzat.

Kuntzak eta kerak obragatik, berriz, Donostia Kultura poesia lehiaketa irabazi duzu. Poesiaren eta zientziaren arteko bidegurutze moduko bat omen da, Itxaro Bordak, Aritz Gorrotxategik eta Eli Tolaretxipik osatutako epaimahaiaren arabera. Bi mundu desberdin dira, bat arrazionala, eta bestea imajinatiboagoa. Zer esan nahi izan duzu kontraste hori agerian jarrita? 

Epaimahaiaren iruzkin hori irakurri nuenean lehenbizikoz, harrituta geratu nintzen. Ez naiz oso zientzia zalea, eta ez nuen espero. Irakurri nituen idatzitako gauzak, eta konturatu nintzen bazeudela zientziarekin lotutako erreferentziak. Modu oso inkontzientean atera zitzaizkidan. Agertzen dira metafora moduan lurrikarak, sismografoak, substantziak forma desberdinetan... 

Mundu eta atmosfera propioak omen ditu obra horrek, epaimahaiaren arabera.  

Saiatu naiz eskuzabala eta zintzoa izaten idazterakoan, eta horrek beharbada lagundu du atmosfera propio hori sortzen. Gauza gogorretaz ari naizen arren, modu goxo baten adierazten saiatu naiz.

Zuzenbide ikasketak egiten ari zara. Zehatza da Zuzenbidea. Literaturak beste mundu batzuetara jauzi egiteko leihoak zabaldu al dizkizu? 

Norbere burura itzultzeko balio du gehiago, beste mundu batzuetara bidaiatzeko baino. Barrura egiteko bide bat da. Zuzenbideko karreran ere asko idazten da.

Miresten duzun poeta kutunik?

Ez daukat bakar bat. Rupi Kaur hasi nintzen irakurtzen, eta maite dut lehenengotarikoa izan zelako deskubritzen. Euskal poesia irakurtzen dut gehienbat, eta uste dut momentu interesgarrian dagoela. Gazte pila bat ari da idazten, eta liburuak asko ez diren arren, beste formatu batzutan egiten dira argitalpen dezente, digitalki eta. Lehiaketetan ezagutu ditut.

Poesia baliagarria al da gazteen gaur egungo bizitzak, kezkak eta problematikak azaleratzeko?

Momentu onean dago poesia Euskal Herrian. Tresna politiko bat ere izaten ari da, eta jende interesgarria dago hor. Poesia gazteengandik oso urrun ikusi izan dugu beti, elite intelektualaren zerbait izango balitz bezala, eta uste dut oso gertu daukagula. Denok uler dezakegu, denok parte hartu edo idatzi, eta hori orain sinesten hasi garela iruditzen zait. Ez zait batere gustatzen poesia kultura jasoarekin erlazionatzea, badirudi Shakespeare irakurtzen egoten garela.  

Noiz idazten duzu? 

Idazteko momentuak bilatzen ditut inguratzen nauen zerbaitek ezinegona sortzen didanean. 

Obligazioa da idaztea, ala egunerokotasunetik ihes egiteko momentu bat? 

Lehiaketaren batera aurkeztu behar badut, entregak behartzen nau idaztera. Baina ez dut horrela funtzionatzen, eta gainera, ez dut obligaziotik egin nahi, amaitzen duzulako idazten idatzi behar delako, eta bukatu dezakezulako zutaz espero dena egiten eta klitxeetan erortzen. 

Kuntzak eta kerak liburua argitaratzear da. Zer topatuko du irakurleak?

Azken bi urteotako poesiak dira, eta bildu ditut koherentzia bat mantentzen dutenak beren artean. Kuntzak eta kerak dira liburuaren bi atalak: kerak lirateke antzekotasunak eta norbera inguruarekiko; kuntzak, kanpoko mundua eta horrek nola eragiten dion norberari. Liburua ateratzeko aukera izatea zen lehiaketara aurkezteko motibazio handiena. Aurreko edizioetako irabazleen liburuak irakurri ditut, eta izugarri gustatu zaizkit. 

Beste sariketa edo proiekturik baduzu esku artean?

Ekainaren 9an Poesia eta Pentsamendua programaren hemezortzigarren edizioan parte hartuko dut. Emanaldia Victoria Eugenia antzokian izango da, eta nirekin izango da Chus Pato Espainiako Poesia Saria eskuratu duen idazlea. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide