Surfestak inklusiorako gune bihurtu du Itzurun

Onintza Lete Arrieta 2025eko uztailaren 20a

Behar bereziak dituzten hamazazpi haur eta gaztek gozatu zuten surfaz atzo Ziske surf elkartearen eta La Caixa fundazioaren eskutik, eta azaldu dute aurtengo udan aurreneko aldiz asteartero eta ostegunero ere ikastaroak emango dizkietela.

Surfesta egin zuten atzo Itzurunen, eta aurtengoan ere inklusiorako gune bihurtu zuten hondartza Ziske Zumaiako surf elkarteak eta La Caixa fundazioak. Izan ere, behar bereziak dituzten hamazazpi haur eta gaztetxok parte hartu zuten surf ikastaro inklusiboan. 16:00etan hasi zuten ekintza, eta horrek eman zion hasiera egunari. Eguraldi politarekin, partaideek gozatua hartu zuten uretan, eta haiei laguntzen aritu ziren boluntarioek ere ederki pasatu zuten.

Antolatzaileetako batek azaldu zuen "arrakasta handia" izan dela egitasmoa, monitore baino haur gehiago apuntatu zirelako ikastarora, eta pozik zeudela emaitzarekin. Partaide gehienak zumaiarrak izan arren, Gipuzkoako beste hainbat tokitatik ere etorri zirela esan zuten. Izen batzuk ere aipatu nahi izan zituen antolatzaileak, eskerrak emateko: "Ekintza hau Iñaki Osa Goikoetxeari eta Julen Yeregiri esker egiten da".

Irail amaieran "esperientzia errepikatu" egingo dutela jakinarazi zuten, herrian egingo den surf txapelketaren harira, berriz ere honelako saio bat antolatuko dutelako.

Aitor Manterola Kirol zinegotzia ere Itzurunen izan zen atzo, eta hark azaldu zuen aurten, aurreneko aldiz, udan astearte eta ostegunero 17:00etatik 19:00etara ere ikastaroak eskainiko dizkietela haur eta gaztetxo horiei. Uztaileko ikastaroa "beteta" dagoela esan zuten, eta abuztukoan toki gutxi gelditzen dela. Norbaitek izena eman edo informazioa eskuratu nahiko balu, Ziske elkartearekin harremanetan jarri besterik ez du –ziske@hotmail.com–.

Atzokoan bi orduz aritu ziren, eta ondoren mokadutxoa hartu zuten elkarrekin. 18:00etatik 19:00etara, berriz, surfean hasi nahi duen edonori zuzendutako ikastaroa eskaini zuen surf elkarteak. 

DJ saioak

Eguna musikarekin amaitzeko, Dantz Point egitasmoak DJ saioak eskaini zituen Itzurungo tabernaren aldamenean, 19:30etik aurrera. Herriko eta inguruko herrietako hainbat artista entzuteko aukera egon zen: Goiko, Jara, Julen Lujan eta U. Bellamy.

Musika elektronikoa eta garaikidea uztartuz ondareari balioa ematea helburu du Dantz Point egitasmoak. Gipuzkoan balio enblematiko, arkitektoniko eta natural handia duten espazioetan antolatu dituzte emanaldiak, musikaren laguntzarekin herritarrek beren ingurunearekin konekta dezaten. Hernanin, Arrasateko Monterron parkean nahiz Donostian egingo du geldialdia jaialdiak uda honetan, Zumaiako emanaldiaz gain.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide