Foronda jauregian hasi zen, eta leku berera itzuliko da Zumaiako Musika Jaialdiaren 41. edizioa. Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo programa Forondako areto nagusian, eta ekitaldien inguruko xehetasunak emateko bertan elkartu dira Amaia Aldalur San Pedro Abesbatzako zuzendaria, Lorea Zabaleta abesbatzako kidea, Joxe Mari Azkue Musika Bandako zuzendaria, Marixi Sesma Sapere Aude Sinfoniettako kidea, Maia eta Maider Vita eta Aser Martin Musika Bandako kideak, Miriam Romatet Kultur teknikaria, Marina Bidasoro Kultur zinegotzia eta Ainhoa Illarramendi Kultura Batzordeko EAJko ordezkaria.
Bidasorok hitzartzea baliatu du urteotan guztiotan Musika Jaialdian parte hartu duten musikari, entzule, eragile eta elkarteei eskerrak emateko. Haren hitzetan, Zumaiak musika, dantza eta bestelako arte adierazpenekiko duen maitasunaren isla da jaialdiak orain arte izandako arrakasta, eta aurten ere erantzun bera espero dute.
Iaz 40 urte bete zituen jaialdiak, eta Romatetek aipatu du "ziklo bat" itxi zutela 2024ko edizioarekin. Aurten, 41. aldian, sorburura itzuliko da egitasmoa, bertan hasi baitzuen ibilbidea jaialdiak. Hasiera hari "keinu bat" egin nahi izan diete, Romateten hitzetan.
Uztailaren 31ko kontzertu pedagogikoa izan du hizketagai, bestalde, Azkuek. Peru eta otsoa obra osorik ekarriko dute Zumaiara, Foronda kanpoaldeko lorategira. Orkestrako instrumentu bakoitzak istorioko pertsonaia bati emango dio ahotsa, eta narrazioa aitzakia izango da haurrek instrumentu horiek ezagutzeko. Amaia Ruiz de Galarreta aktoreak izango du emankizuna gidatzeko ardura, eta dagoeneko hasia da Musika Banda harekin lanean.
Klarinete laukotea ere bai
Klarinete laukoteen lehiaketa izaten da urtero negu partean Zumaian, eta sariketa horretako irabazleek kontzertua emateko aukera izaten dute gero udan, Musika Jaialdian. Aurten ere izango da klarinete jotzaile gazteak entzuteko parada: Klezmer Quartet laukotea ariko da uztailaren 29an, 19:00etan Mari kalean. Noa Petixek, Uxue Mitxelenak, Uxoa Aramberrik eta Kepa Erkiziak osatzen dute taldea. Abuztuaren 3an izango den Sapere Aude Sinfoniettaren kontzertuaz ere aritu da Sesma: Mikel Elezabal zuzendariaren Appalachian Spring eta Sherezade eskainiko dituzte aurten, eta aurreko urteetan egin bezala, Afagi elkarteari —Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkartearentzat– emango diete sarreraren bidez bildutako dirua. Turismo Bulegoan jarriko dituzte aurki sarrera horiek salgai, baina online dagoeneko eros daitezke, entradium.com atarian.
Abesbatzako zuzendariak aitortu du "urteko kontzertu konplikatuena" izaten dela Musika Jaialdiaren barruan eskaintzen dutena. Abuztuaren 1ean izango da, parrokian, eta operaz eta zarzuelaz osatu du Aldalurrek errepertorioa. Kontzertuan parte hartuko dute Ainhoa Franco Musika Eskolako kantu irakasleak eta Iñigo Vilas salbe abeslariak ere, eta banaka abesteaz gain, duetoren bat edo beste ere eskainiko dizkiete entzuleei.
Egitaraua
Uztailak 29, asteartea
19:00. Klarinete Maratoiko laukote irabazlearen kontzertua eta Musika Jaialdiko egitarauaren aurkezpena, Mari kalean.
Uztailak 31, osteguna
13:00. Musika Bandaren eskutik, haurrentzako emanaldia, Foronda jauregiaren kanpoaldean: Peru eta Otsoa. Narratzailea: Amaia Ruiz de Galarreta.
Abuztuak 1, ostirala
20:00. San Pedro Abesbatzaren eskutik, Lirikaren gaua, parrokian.
Abuztuak 3, igandea
20:00. Aaron Copland Appalachian Spring / Rimsky Korsakov Scheherazade kontzertua, Sapere Aude Sinfoniettaren eskutik, Zumaienako aretoan. Sarrerak: entradium.com.
Abuztuak 5, asteartea
20:00. Ballet proiekzioa, Aita Mari aretoan: Romeo y Julieta Londongo Royal Ballet & Operako bertsioa.
Abuztuak 6, asteazkena
19:30. Opera proiekzioa: Carmen Royal Opera Houseko bertsioa.
Abuztuak 7, osteguna
20:00. Dantza garaikidea, Odietan:
- Lasala Burnt.
-DAB konpainiaren Non Zira, zuzeneko abesbatzarekin.
Abuztuak 9, larunbata
20:00. Iñar Sastre Trio jazz kontzertua: Iñar Sastre, Jon Piris eta Mikel Urretagoiena-Ravel 150, Oxford aretoan.
Abuztuak 10, igandea
20:00. Donostiako Hamabostaldia Zumaian: Vivalma hirukoaren Numen (Musika barrokoa), parrokian.