Literaturaz jarduteko beste lau aukera emango ditu Irakurri Mattek irailetik aurrera

Juan Luis Romatet 2025eko uztailaren 23a

George Orwell.

Uxue Alberdik gidatzen duen Zumaiako irakurle taldeak lau liburu irakurri eta aztertuko ditu irailetik abendura bitartean. George Orwell idazle britainarraren batekin hasiko dute ikasturtea, irailean.

Datorren irailean abiatuko dute Irakurri Matte irakurle taldearen kurtso berria, eta lehen lau hiletarako irakurri eta aztertu beharreko liburu zerrenda ere prestatu du taldea gidatzen duen Uxue Alberdik. Saioak, ohi bezala, hilean behin egingo dituzte, astearte arratsaldetan, eta irekiak izango dira.

George Orwell idazle britainiarraren liburu batekin hasiko dute kurtsoa. 1984 liburu mitikoaren egilea da, besteak beste, Orwell, baina oraingo honetan hain ezaguna ez den liburu bat izango dute hizpide, Lur jota Parisen eta Londresen eleberria, hain zuzen. Irailaren 9an izango dute hitzordua, 18:00etan, Alondegiko Moila gelan. Saio guztiak ordu eta leku berean izango dira.

Hurrengo saioetan honako liburuak izango dituzte aztergai: Miren Agur Meaberen Amorante frantsesa urriaren 21ean, idazlearen presentziarekin; Alison Bechdel komikigile estatubatuarraren Fun home azaroaren 12an; eta Danele Sarriugarteren Beste zerbait abenduaren 9an.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide