Oso ohikoak ez diren bi kirol prakikatzen ditu, txingak eta trontza, eta hainbat txapel eskuratutakoa da bi kirol horietan; txingetan Bizkaiko Txapelketa irabazi berri du.
Mutrikuarra izanda, nolatan hasi zinen Zumaian arraunean?
Beti izan naiz kirolaria eta kirol desberdin asko probatu izan ditut: sokatira, hainbat herri kirol, giza proba taldeka... Giza proban, zortzi izaten ginen taldean; bostek serio hartzen genuen kontua, eta beste hiruk ez. Seriotasun horren bila etorri nintzen Zumaiara, aurraunera. Telmo Deunen ibiltzen ziren Itziarko [Deba] lagun batzuk nituen, eta haiek engainatuta etorri nintzen. 2014-2015 denboraldian hasi nintzen, eta bost urtez aritu nintzen. Gero utzi egin nuen, kirol oso lotua delako, bikote bizitzarako zaila, eta lagun gehienek ere utzi egin zutelako.
Eta harrezkero txingetan eta trontzan zabiltz. Nola hasten da bat txingetan?
Arraunean hasi aurretik Mutrikuko sokatira taldean ibiltzen nintzen, eta udan, herriz herriz erakustaldiak egiten genituenean, beste herri kirol batzuk ere egin behar izaten genituen. Bakoitzak ondoen zetorkiona egiten genuen, eta niri txinga eroatea etortzen zitzaidan egokien. Zergatik? Baserriko lanengatik. Nahiz eta XXI. mendean bizi, gure baserrian ardiak izaten genituen txaboletara ura eskuz eraman behar izaten genuen, 30 litroko bidoietan, eta aitak eta anaiak baino errazago ibiltzen nituen bidoi haiek. Halaxe, sokatiran hasi aurretik, auzoan txingetako txapelketa bat antolatu zuten, eta irabazi egin nuen, eta gero, sokatiran hasi nintzenean, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan-eta parte hartzen hasi nintzen.
Jende asko ibiltzen al da txingetan?
Izaten dira urteak Euskadiko Txapelketa hiru lagunekin antolatu dutenak, eta beste batzuk bederatzi-hamar partaidekoak. 2008-2010 urteetan, kopuru eta kalitate dezentea zegoen; orain, kopurua antzekoa, baina kalitatea txikixeagoa. Eta banuen arantza bat barruan; izan ere, ikusten nuen lehen egiten nituen markekin gaur egun txapeldun izango nintzatekeela. Garajean ditut txingak, goizero-goizero hantxe ikusten ditut, eta horrelaxe, berotu, eta berriz hastea erabaki nuen.
Eta trontzan, nola hasten da bat trontzan?
Kasualitatez. Lehen ere ibilitakoa nintzen, baina utzia nuen. Arrauna utzi nuen urte hartan, emaztearekin bazkaltzen ari nintzela, ezagutzen ez nuen zenbaki batetik deika hasi zitzaizkidan; sokatiran ibiltzen nintzen garaian ezagututako lagun bat zen. Esan zidan Bizkaiko Txapelketan atera behar zuela, baina bere bikotekideak kanpora joan beharra zeukala eta ezin zuela, eta berarekin parte hartzea proposatu zidan. Eta horrelaxe hasi nintzen. Nahiko ondo joan zitzaizkigun gauzak, eta handik aurrera, biok ibili gara bikote gisa. Sei urte goaz elkarrekin eta bost txapel eskuratu ditugu; beraz, esan genezake bikote polita osatzen dugula.
Asko entrenatzen al duzu?
Ez, asko ez. Trontzarako pare bat hilabetean entrenatzen dut, fisikoa gimnasioan eta teknika astean behin edo bitan Mutrikura joanez. Txingetarako, berriz, gauez entrenatzen dut, familia lotaratu eta gero, garajera jaitsita. Bi ume txikiren aita izanda, ahal dudan moduan moldatu behar izaten dut.
Noiz arte jarraituko duzu bi kirol horiek praktikatzen?
Txingetako txapelketetan ez dut uste berriz parte hartuko dudanik, ez behintzat txinga handiekin. 75 kilo besterik ez ditut pisatzen eta esku banatan 50 kilorekin ibiltzea ez da broma, gorputza asko behartzen da.