Asteartean eta asteazkenean eman beharko da izena abuztuaren 3an jokatuko diren arrantza lehiaketetarako

Maria Maya Manterola 2025eko uztailaren 25a

Arrantza lehiaketa bateko artxiboko irudia. (Guka)

Iaz egin bezala, egun berean jokatuko dituzte Arrain txiki eta Kabra eta dontzeilen arrantza lehiaketak. Izen ematea Anade elkartean egingo dute, hilaren 29 eta 30ean, 20:00etatik 21:00etara bitartean. 

Urteroko legez, abuztuarekin batera, Anade elkarteak bi arrantza lehiaketa antolatuko ditu, Arrain txiki eta Kabra eta dontzeilen lehiaketak, hain zuzen. Iazko moduan, aurten ere biak batera jokatuko dituzte, abuztuaren 3an, igandea. Parte hartzaileek, ordea, aurrez izena eman beharko dute, asteartean edo asteazkenean Anade elkartera jota, 20:00etatik 21:00etara artean. 

Arrain txiki lehiaketaren 51. aldia izango da aurtengoa. Goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean egingo dute arrantza, errioan, Julio Beobide ibiltokian zehar. Arrantza eremua Arranplatik Talaipera artekoa izango da. Jaurtiketa modalitatekoa izango da, eta heriotzarik gabekoa. Hau da, behin hartutako arraina pisatu ondoren, uretara itzuliko dute.

Izenak egunean bertan emango dituzte, Anadek Kofradian jarriko duen mahaian. Behin izena emanda, arrantza gunera joango dira parte hartzaileak. Sari banaketa Kofradian bertan egingo dute. 

Egun berean jokatuko dute aurten 50. aldia beteko duen Kabra eta dontzeilen arrantza lehiaketa. Goizeko lehen ordutik eguerdira arte egingo dute parte hartzaileek arrantza. 07:30ean aterako dira Zumaiako portutik eta 12:30erako lehorrean egon beharko dute. Ontzi bakoitzean gehienez bi lagun joango dira eta Itsasoko Arrantzarako Lizentzia eguneratuta eraman beharko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide