Zenbait herritarrek bigarren etxetzat dute beren ohiko taberna, lehen etxetzat ez esateagatik. Eroso sentitzen dira tabernetan. Madrilgo talde hark 1980ko hamarkadan abesten zuen bezala, "tabernak, zein leku atseginak hitz egiteko; ez dago taberna bateko maitasunaren beroa bezalakorik". Eta hala izango da, sarritan itzultzen direlako tabernako berora. Zenbat konbertsazio, proposamen, maitasun istorio eta dantza; alkoholak bustitako zenbat eztabaida antzu, mahai joko, mus partida, zinema emanaldien ondorengo debate edo, kazetari honen kasuan, behintzat, kafe baten bueltan egindako zenbat elkarrizketa. Horiek barraren alde batean esertzen direnen esperientziak dira. Zein izango dira, ordea, horiek eta horien berriketak, umore txarrak edo graziarik gabeko txisteak jasan behar dituztenen bizipenak?
50etik gora taberna eta jatetxe daude Zumaian. Udalak eskuorri bat prestatu ohi du Turismo Bulegotik pasatzen diren bisitarientzat. "Non jan dezaketen erakusten zaie eskuorri horiekin, baina bertan ez dira jasotzen janaririk –izan menuak, izan pintxoak– ematen ez duten ostalaritza guneak", dio Jone Esnal turismo teknikariak. Herriko 48 tabernaren eta jatetxeren eskaintza jasota dute argitalpen horretan. Beraz, kalkulu erraz bat eginda, ostalaritza sektorean jarduten duten establezimenduen kopurua 55en bueltan dabilela ondorioztatu daiteke. Zumaiaren tamainako herri batentzako ez da kopuru txikia.
Azken urteotan, baina, aldaketak izan dira herriko tabernen ekosisteman. Zabaldu dituzte taberna berriak; baita beste batzuk itxi ere, Leize eta Juaristi kasu. Batzuk salmentan jarri dituzte; eta ixtera zihoazen beste batzuk eskuz aldatu dituzte, horrekin batera establezimenduen izena aldatuz. Tabernari batzuekin hitz egin du Zumaia Gukak, herrian sumatzen duten giroaren inguruan. Batzuk bizitza osoa daramate barraren atzean; beste batzuk duela gutxi hasi dute ibilbidea, luzea izateko esperantzarekin. Ofizio polita dela diote, baita gogorra ere, lan eta denbora asko eskatzen duena. Kontsumo joeretan aldaketak izan direla ere ondorioztatu dute horiek.
Tabernak, bizitzaren isla
Txomin Agirre kaiko Garoa tabernaren barraren atzealdean egin du bizitza Carlos Cinterok. Gurasoek eramaten zuten taberna, eta nerabe zela hasi zen lanean. Ordutik 37 urte igaro direla dio bezeroei kafea ateratzen dien bitartean. "Gurasoekin hasi nintzen. Ez nuen pentsatuko hainbeste denbora egingo nuenik, baina hala gertatu da".
Ohiko bezero eta aldi berean laguna ere baduen Javi Mantecarekin ari da berriketan kazetaria tabernan sartzerakoan. Beheko plazako izozkien kioskoa zabaldu aurretik tartea egin du kafea eta trago bat hartzeko. "Tabernatik pasatzen den jendea ezaguna da", dio Cinterok. Alde horretatik, arazo handirik ez duela izaten dio. "Badakizu herriko jendea dela eta zer berezitasun dituen", adierazi du.
Aita Mari zinema alde batean, Lurraldebusen autobusen geralekua bestean, urte osoan antzerako bezero kopurua izaten duela dio, izan neguan, izan udan. "Zumaiako beste toki batzuetan ez bezala, hemen ez dugu turistekin lan egiten, eta alde horretatik, bezeroen kopuruan ez dugu gorabeherarik izaten. Turistak herriko beste toki batzuetara joaten dira".
Orokorrean, aldaketa handiak nabaritu ditu Cinterok barraren atzealdetik. "Bizitza aldatu egin da eta tabernak ere bai". Tabernak bizitzaren isla direla uste du Garoaren jabeak. "Orain lana beste modu batera egiten da. Lehen, garai batean, 02:00etan ere ixten genuen taberna. Orain, batzuetan, 22:00etarako itxita izaten dugu, eta astean zehar, zenbaitetan, goizago ere bai". Zentzu horretan, Garoa tabernan dagoeneko gauez lanik ez dutela egiten adierazi du Cinterok.
Erabaki hori hartzerako orduan, eragina izan zuen tabernarako langileak aurkitzeko zailtasunak. "Lan egiteko jenderik ez dago, eta hori uste dut nahiko arazo orokorra dela". Asteburuetarako eta festetarako langileak lortzea are eta zailagoa dela dio. "Lehen errazagoa izaten zen, baina azken urteetan beti faboreak eskatzen aritu behar izaten genuen". Horiek horrela, badira urte batzuk San Telmo jaietan taberna ireki ez dutela. Asteko atseden eguna ere egun eta erdira luzatuta dute azken bi urteotan. "Zerbait bada, baina, hala ere, ofizio gogorra da, oso nekagarria, eta urteekin, gero eta gehiago", dio. Oporrak aipatuta, duela urte batzuk hiru hilabetez itxi zutela ekarri du gogora, oporretara joan zirelako. "Urte hauetan guztian lehendabizikoz egin genuen hori".
Nekea igartzen zaio bere hitzetan. "Jendea tabernan gogotsu hasten da lanean, baina nire adinekoak garenak edo zaharragoak direnak nekatuta gaude. Une bat heltzen da ez zaizuna tabernan lan egitea gustatzen. Gazte zarenean gustatu egiten zaizu, bai; niri gustatu izan zait, eta kontua ez da orain ez dudala gustuko; gauza da nekatuta nagoela", dio hasperen eginez.
Azkenaldian herrian itxi dituzten tabernen errepasoa egiten hasi da, jabeek erretiroa hartuko dutelako ixteko bidean daudenena ere bai, eta salgai jarri dituztenena. Berea da salgai dagoen horietako bat. Justu duela hiru urte jarri zuten salgai. "Emazteak ebakuntza bat izan zuen, eta ikusi genuen ez genuela beharrik horrela jarraitzeko. Saltzen badugu, ondo. Bestela, jarraituko dugu, baina beste modu batean; garbi daukat aurrena eta garrantzitsuena geure osasuna zaintzea dela".
Carlos Cinterok ez du irudikatzen, ordea, tabernarik gabeko Zumaiarik. "Asko aldatu beharko luke gauzak. Frantzian tabernak badituzte, hemen nola ez ditugu ba izango!". Baina joerak aldatzen ari direla uste du. "Gaueko giroa desagertzen ari da, herrietan bereziki. Hemen, kalera 22:00etan ateratzen bazara, lau katu besterik ez dira egoten tabernetan". Barraren atzealdean egotearekin nekatuta badago ere, beste tabernetara joatea gustuko duela dio. "Beste edozeini bezainbat gustatzen zait hori. Alde horretatik, ez dut arazorik".
Zumaiako terrazarik onena
Moilan aurrera egin, eta Amaiako plaza igarota, Zumaiako terraza onenarekin egingo du topo bisitariak; Arranplako petrilarekin, hain zuzen. Idoia ardotegiko eta SeiZortzi tabernako bezeroak esertzen dira han, baita Bidasoa kaleko Txikixa tabernakoak ere. Eguraldi onarekin, astegun arratsaldeetan, eta bereziki asteburu eguerdi zein arratsaldeetan, borborka izaten da koska luzea. "Gurea taberna txikia izanda, asko laguntzen digu Arranplako petrila hor izateak", dio Txikixa tabernaren jabea den Agustin Etxabek. Ohi bezala, goizean zabaldu du taberna, 08:00etan, eta lau ordu geroago han jarraitzen du; zerbitzariak ditu lanean, baina une horietan gustuko du tabernan egotea. Eguneko pintxoa arkume errea da, eta tabernara sartzen den bezero orori eskaintzen dio.
28 urte pasa daramatza taberna berean lanean, "1996ko urtearen amaieratik". Urteotan guztiotan, taberna giroan izandako aldaketen lekuko izan da. "Dena aldatzen ari da. Lehen ostiral gauetan eta larunbatetan egiten genuen lan gehienbat, baina hori aldatu egin da, eta orain egunez egiten dugu lan asko, baita astean zehar ere", dio bezero bat zerbitzatzen duen bitartean. Ordutegian bakarrik ez, kontsumo joerei dagokienean ere aldaketak nabaritu ditu. "Lehen txikiteroak izaten genituen bezero, baina azken urteotan asko hazi da kafearen kontsumoa; kafea eta pintxoa", dio.
Zumaia herri tabernazalea dela iritzi dio Etxabek. "Eguraldi ona badago, Zumaiako jendea atera egiten da, eta berdin dio urria, azaroa edo abendua izan. Zumaiak edo zumaiarrek badute tabernarako zaletasuna", jarraitu du irribarre batekin. "Astean zehar ere herriko jendea etortzen da. Zorte hori daukat", gaineratu du. Zentzu horretan, herriko jendearekin "oso-oso gustura" dagoela dio Txikixaren jabeak.
Aldaketa hori pintxo-potea bezalako ekimenen bultzadarekin gertatu dela esan du, "batez ere udaberri eta uda partean". Turismoak ere eragina duela uste du. "Lehen ez zen hainbeste jende etortzen, eta ez naiz ari kanpotik datozenez bakarrik; inguruko herrietako jendea ere orain gehiago etortzen da Zumaiara", dio Etxabek.
Beste taberna edo jatetxe batzuetan ez bezala, bere negozioan lan egiteko prest dagoen jendea erraz lortu izan duela dio. "Lanerako jende eskasiarik ez daukat; beti izan dut zortea alde horretatik". Tabernen eta jatetxeen arduradun askok asteburuetan lan egingo duen jendea lortzea ia ezinezkoa dela diote. Paradoxikoki, justu kontrakoa gertatzen zaio Txikixaren jabeari. "Batzuetan errazagoa da asteburuetarako jendea lortzea, astegunetarako baino. Nik ez daukat arazorik; jende asko daukat lanean eta ordutegiak ere beraiek moldatzen dituzte". Zerbitzariren batek lana utzi duen kasuan, ordezkoa lortzeaz beraiek arduratu direla dio. "Konfiantzako pertsonak lortzen dituzte beti".
Hainbeste urte barraren atzealdean jardunda, izango ote zuen Agustin Etxabek taberna itxi eta beste jardueraren batean hasteko tentaziorik? "Pandemiagatik taberna itxi behar izan genuenean bai. Gero, berriro irekitzeko baimena eman zuten, baina guk ez genuen terrazarik; taberna ere txikia da, eta hor izan nuen ixteko pentsakizunen bat. Baina atzera mugimendua hasi zen, eta negozioa gorantz eta gorantz". Hor uxatu zitzaizkion tabernako ateak ixteko burutazioak.
Herria zabaltze bidean
Ordutegian bakarrik ez, geografikoki ere aldaketak izan dira azken urteotan. Duela ez asko, hamarkada bat inguru, Erribera kalea zen txikiteroen eta tabernazaleen epizentroa. Azken urteetan, baina, iparraldera egin du fluxuak, eta Amaia eta Ondartxo plazen inguruan mugitzen da tabernetara hurreratzen den jende gehien. Horren jakitun dira XL tabernako jabe Xabier Irureta eta Luis Osa. "Nik uste pixka bat dibertsifikatu egin dela kontua. Lehen Erribera kalea zen tabernen gune bakarra; orain, ordea, beste batzuk sortu dira, eta esan daiteke hainbat gune daudela; poligonoan ere badaude tabernak, hemen ere bai. Ikusten da Zumaia zabaldu egin dela", dio Osak. Asteleheneko lehen orduan elkartu da kazetaria haiekin tabernan, eguneko jarduera hasteko oraindik ordu pare bat geratzen zaizkiela.
Duela bi urte zabaldu zuten bi bazkideek XL taberna. "Luis Miamin (AEB) zegoen, baina hona etortzeko asmoarekin. Ni, berriz, metalgintzako enpresa batean nenbilen lanean, eta aldaketa bat behar nuen", ekarri du gogora Iruretak. Taberna zabaldu aurretik bi urtez aritu ziren gaiaz hizketan, gauzak nola egingo zituzten aztertzen eta erabakitzen.
Gogoa bazuten, proiektua ere bai, baina ateak zabaltzera arteko bidean oztopoak aurkitu zituztela adierazi du Osak. "Denbora horretan denetarik pasatu zitzaigun; besteak beste, COVID-19a". Ez zituzten, ordea, asmoak alde batera utzi. "Urakan bat etorrita ere aurrera egingo genukeen. Orain, bi urte eta gero, hemen ari gara xirriki-xarraka aurrera egiten", dio.
Kontsultatutako beste tabernariek bezala, Iruretak eta Osak bezeroen kontsumo joeretan aldaketa izan dela ondorioztatu dute. "Lehen dena zen txikiteoa", dio Iruretak. "COVID-19aren ondoren, aldiz, jendea terrazetan esertzen da. Gazteak ere gehiago etortzen dira konbinatuak hartzera", jarraitu du. "Txikiteroak oraindik badaude, baina ez lehen adina", gaineratu du Osak.
Taberna zabaldu zutenetik ematen diote garrantzia janari eskaintzari; alegia, pintxoei edo errazioei. "Txikiteo pixka bat egitearekin batera, kalera ateratzen garenean gustatzen zaigu bizpahiru pintxo jatea. Negozioa martxan jartzerakoan ideia horrekin hasi ginen; geuk gustukoa izango genukeen leku bat eskaini nahi genien herritarrei", azaldu du Osak. Zentzu horretan, eta herriko beste taberna batzuen bidea jarraituta, muzin egin diote gau giroko zerbitzua emateari. "Gauzek oso gaizki joan beharko lukete taberna 24 orduz irekita edukitzeko. Dugun ordutegiarekin gustura ari gara lanean. Gainera, auzoko jendearekin ez dugu arazorik izan nahi", azpimarratu du Osak. Festa garaian ordutegia zertxobait luzatzeko prest egongo liratekeela dio Iruretak, edo egunen batean zerbait berezia antolatuko balute, orduan ere bai, erantsi du Osak. "Baina ez gehiago", dio, zorrotz, Iruretak. "Gure asmoa ez zen hori; bestela, ez genukeen tabernarik irekiko".
Gaueko giroak Zumaian izan duen gainbeheraren jakitun dira biak, eta ondotxo dakite arratsalde partekoa dela indarra hartzen ari dena, beste herri batzuetan ere gertatzen ari den bezala. "Gazteleraz dioten tardeo hori etorriko dela uste dut", dio Osak. "Gaueko kontua murrizten ari den bezala, arratsaldekoa hazten ari da, indarra hartzen ari da".
Hiru alaben omenez
Tabernetan ez ezik, jatetxeetan ere izan dira aldaketak. Hilabete gutxiko epean, oilasko erretegi bat zabaldu dute Santiago auzoan, kirol portuan, eta beste bik jabe eta izen aldaketa izan dute: Muinak hartu du Krakenen lekua Eusebio Gurrutxaga plazan, eta N3skak jatetxeak Uberarena Ardantzabiden, Martxoaren 8a plazan.
Garazi Larrañaga eta Valentin Pfättisch senar-emazteek zabaldu zuten jatetxea duela bi hilabete pasa, martxoaren erdialdera. Getariarra lehena, alemaniarra bigarrena, biek ere eskarmentu handia dute ostalaritza munduan. "Bera gehiago ibili da kudeatzaile lanetan; nik, berriz, 13 edo 14 urte egin ditut Getariako Mayflower jatetxean lanean", dio Larrañagak mahai tresnak garbitzeko denbora hartzen duen bitartean. Izen berezia jarri diote jatetxeari, N3skak, eta horren zergatia azaldu dute. "Bion artean hiru ume ditugu, hirurak neskak. Haien omenez jarri diogu izen hori jatetxeari. Gero, konturatu ginen ondoan Emakumeon Etxea dagoela, eta Martxoaren 8a plaza dela hau. Beraz, zer hobeto?".
Ubera ixtera zihoazela jakin zutenean piztu zitzaien negozio propioa zabaltzeko ideia. Uberaren jabe ziren Markel eta Axel lagunak dituzte, eta haiek esanda jakin zuten negozioa ixtekoak zirela. "Aukera sortu zitzaigun, eta galdezka ibili ginen. Bagenekien taberna edo jatetxe asko ixtera zihoazela edo eskualdatzeko zeudela. Ubera izan zen begiratu genuen lehen jatetxea, eta hala suertatu zen", gaineratu du. Ubera zena ezagutzen zuten, behin edo beste bezero izan zirelako. "Bagenekien lekua gustatzen zitzaigula, oso leku polita da Arantzabide", dio. "Axelekin hitz egin genuen, zenbakiak erakutsi zizkigun, eta ikusi genuen ondo funtzionatzen zuela".
Bikotearen hasierako ideia jatetxe gisa funtzionatzea zen, baina ingurukoen aholkuei jarraituta, eta herriko beste establezimendu batzuen bideari jarraiki, taberna bezala ere lan egiteko hautua hartu zuten. "Bertako produktuekin lan egiteko asmoa genuen, eta hala ari gara. Hori bai, esan ziguten taberna gisa ere lan egiteko, eta egia esan, horrek asko laguntzen du hilabete bukaerara heltzeko", nabarmendu du Larrañagak.
Ostalari ofizioa gustuko duela dio Getariako bizilagunak, baina "lan gogorra" dela ere onartu du. "Ordu asko sartzea eskatzen du, eta egia da denborarekin nekatu egiten zarela. Niri asko gustatzen zait, asko gustatzen zait jendearen aurrean aritzea. Egia da, baita ere, alaba txikia dugula, eta eguerdietan bakarrik egiten dudala lan".
Jatetxea orain gutxi zabaldu dute, baina dagoeneko hasiak dira turisten bisitak jasotzen. Akaso Algorrirako bidean dagoelako bertaratuko dira, edo San Telmo ermitatik jaitsita alboan gelditzen delako. "Erreseina batzuetan jarri dute alemanez eta ingelesez hitz egiten dugula". Azken urteotan Zumaiara datozen turisten kopurua hazi egin bada ere, Larrañagaren ustez ezin da konparatu Getarian duten egoerarekin. "Mayflowerren egin dut lan, eta hura beti zegoen turistaz beteta. Beti entzun dugu Zumaiara turista gutxiago etortzen zela, baina, hala ere, mugimendua badago". Justu Danimarkako bikote bat sartu da tabernan pintxo batzuk eta kafe bana eskatzera. Ingelesez ari badira ere, Europa iparraldeko doinua igarri die Larrañagak: "Norvegiakoak al zarate?", galdetu die.
Negozioarekin gustura dagoela sumatzen bada ere, aitortu du jatetxerako langileak topatzeak buruhauste bat baino gehiago eragin dizkiola, sektoreko beste jabe batzuek baieztatutakoaren ildo beretik. "Ezinezkoa da, benetan. Bost lagunekin hasi ginen taldean santelmoetarako martxa hartzeko, eta horietatik bakarrak jarraitzen du". Garrantzi berezia ematen diote jendaurrean egongo dena euskalduna izateari. "Beste herrialdeetako jendearen inguruan ez dut ezer txarrik esateko, sukaldean hala ditugu eta oso ondo lan egiten dute, baina bezeroen aurrean ariko dena euskalduna izatea nahi dut" esanez zuzendu da barrara hurrengo bezeroa zerbitzatzera.



