Abian da dagoeneko aurtengo Dinastia Etxabe pilota txapelketa. Atzo gauez jokatu zituzten aurtengo aldiko lehen bi partidak, 23 urtez azpikoen final-zortzirenetako neurketak, hain zuzen. Pilotazaleek ez zuten hutsik egin, eta Aitzuri pilotalekuko harmailak itxura polita erakutsi zuen.
Igoa-Garaño eta Etxeberria-Sotil bikoteak neurtu ziren gauari, eta txapelketari, hasiera eman zion neurketan. Partida ezin berdinduagoa eskaini zuten bi bikoteek ordu eta laurden iraun zuen neurketan. Etxeberria eta Sotil aurretik egon ziren partidako une gehienetan, baina tarte handirik atera gabe. Amaiera aldera aldea zabaldu zuten, eta irabazteko zorian ere izan ziren (19-15, 21-17). Igoa eta Garañok, baina, ez zeuden partida oparitzeko gogoz, eta azken orduko erreakzioan, bost tanto jarraian eginda, 22-21 emaitzarekin irabazi zuten lehia, era horretan final-laurdenetarako txartela lortuz.
Gaueko bigarren partidan Cestau-Lazkoz eta Apaolaza-Albeniz bikoteak aritu ziren. Apaolazak hasiera batean parte hartzekoa zen, baina gaixotasunagatik huts egin zuen, Jorge Fernandezen lekua hartu zuen. Partidak hasiera oso berdindua izan zuen, eta 11na ere berdindu zuten. Hortik aurrera, ordea, Cestau eta Lazkoz hobeto aritu ziren Zumaiako frontoiko kantxan, eta 22-15 emaitzarekin irabazi zuten partida.
Bihar bigarren jardunaldia
23 urtez azpikoen kategoriako final-zortzirenetako bigarren jardunaldia jokatuko dute bihar, 21:00etan hasita, Aitzuri frontoian. Lehen partidan Apezetxea-Santesteban eta Zabaleta-Goiburu bikotea neurtuko dira, eta bigarrengoan Beitia-Elorz eta Aranbarri-Balerdi.