Karabela portugesak agertu dira Itzurun eta Santiago hondartzetara

Juan Luis Romatet 2025eko uztailaren 29a

Egunotan Santiagora heldutako karabela portugesa. (Maria Lopez)

Ostegunean atzeman zituzten lehen marmokak Itzurunen. Santiagora ere heldu dira, eta atzo ehundik gora atera zituztela adierazi dute sorosleek. Zenbait pertsonek ziztadak ere jaso dituzte Itzurunen, zein Santiagon.

Azken urteotan gertatu bezala, karabela portugesak agertu dira Zumaiako hondartzetan, Itzurunen zein Santiagon. Sorosleek Gukari esan diotenez, marmoka mota horretako bi ale atera zituzten ostegunean Itzurunen, eta ostiralean ere beste pare bat ikusi zituzten.

Asteburuarekin batera, areagotu egin zen karabela kopurua, eta ziztadak jaso zituzten pertsonen lehen kasuak izan zituzten: bi Itzurunen eta bat Santiagon. Atzo beste kasu bat izan zuten Itzurunen, haur batek jaso zuen marmokaren ziztada, eta anbulantziari deitu behar izan zioten, haurrak zuen minagatik. 

Aurreko sasoiekin alderatuta, berrikuntza bat badago sorosleen arabera, eta da ale oso txikiak heltzen ari direla kostaldera. "Normalean marmoka handiak heldu izan dira, eta halakoak ari dira heltzen Itzurunera. Baina Santiagora oso txikiak ere heldu dira. Atzo ehunka aterako genituen", adierazi du Maria Lopez sorosleak. 

Protokoloa jarraitu

Karabela portugesen begiztatzea eta ziztadak badaude, Osasun Sailak zehaztutako protokoloa jarraitu behar izaten dute hondartzetako sorosleek. Karabelak ikusten badituzte, bandera horia eta marmoken logotipoaren bandera igo behar izaten dute sorosleek, baita megafonia bidezko mezua igorri ere. Aldiz, bainu eremuan karabelen bi ziztada izaten badira, eta hamar begiztatzen edo gehiago badaude, bandera gorria igoko dute marmoken banderarekin batera, baita bainua debekatu ere.

Hori gertatu da, adibidez, gaur eguerdian Itzurun hondartzan. Ziztadarik ez da izan, baina karabela portugesak begiztatu dituzte, eta, ondorioz, bainua debekatzen duen bandera gorria igo dute. 

Sorosleek jarraipena bi orduro egingo dute, aldagai guztiak kontutan hartuta: marea, haizeak, eta abar. Bi ordu horietan karabelarik ikusten ez bada, edotza ziztada berririk ez bada, bandera gorria jaitsi eta horia igoko dute, megafoniatik horren berri emanez. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide