Azken urteotan egin bezala, klarinete doinuek eman diete hasiera Zumaiako Musika Jaialdiari. Abuztuaren 10era arte luzatuko da jaialdiaren aurtengo aldia, eta, ohi bezala, musika estilo ezberdinez osatutako egitaraua ondu du Udaleko Kultura Sailak, herriko taldeen laguntzarekin.
Iazko Klarinete Laukote Lehiaketa irabazi zuen Klezmer Quartet taldearen esku geratu zen atzo jaialdiari hasiera ematea. Mari kaleko plazatxoan izan zen ekitaldia, eta jendea erruz hurreratu zen parrokiaren atzealdeko gune horretara.
Egitarauarekin jarraituz, Zumaiako Musika Bandak haurrentzako kontzertua eskainiko du bihar Forondan. 13:00etan izango da, eta Prokofieven Peru eta otsoa lana joko du. Narratzaile lanetan Amaia Ruiz de Galarreta arituko da.