Herenegun eman zioten hasiera aurtengo Dinastia Etxabe pilota txapelketari, azken urteetan egin bezala, 23 urtez azpikoen final zortzirenekin. Fase horretako bi jardunaldi izango dira aurten ere, eta gaur izango dute bigarrena. Esku pilota jaialdia 21:00etan hasiko da, Aitzuri frontoian.
Aldaketak izango dira gaurko jardunaldian. Ohikoa izan ohi da Zumaiako txapelketa beteranoan partidak ostegunetan jokatzea, baina bihar jaieguna izanik, jardunaldia asteazkenera aurreratzea erabaki dute. Bestetik, aldaketak izango dira gaurko partidak jokatuko dituzten pilotarien artean ere: Iker Egigurenek –eskuko minarekin– eta Ekhi Irribarriak –ebakuntza bat egin behar diote eta abuztu osoan ez da kantxetara itzuliko– ez dute Aitzurin jokatzerik izango eta euren tokiak Oier Zabaleta eta Bingen Beitiak beteko dituzte.
Bi partidaz osatuko da gaurko jardunaldia ere, biak ere 23 urtez azpikoen kategoriakoak. Lehen norgehiagokan Apezetxea-Santesteban eta Oier Zabaleta-Goiburu bikoteak arituko dira; bigarrengoan, aldiz, Bingen Beitia-Elorz eta Aranbarri-Balerdi. Bi neurketetako irabazleek txapelketako final laurdenak jokatuko dituzte datorren astetik aurrera.