Dinastia Etxabe 2025

Apezetxea-Santesteban eta Beitia-Elorz bikoteek osatuko dituzte Dinastia Etxabeko final-laurdenak

Juan Luis Romatet 2025eko uztailaren 31

Atzo Aitzurin jokatutako jardunaldiko irudia. (Kirolzale)

Dinastia Etxabe pilota txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten atzo gauez Aitzuri pilotalekuan. 23 urtez azpikoen final zortzirenetako bigarren hitzordua izan zuten, eta lehen jardunaldian berdintasun handia izan bazen bi partidetan, atzo aise gailendu ziren irabazleak. 

23 urtez azpikoen kategoriako final zortzirenak jokatuta, erabakita geratu da zer pilotarik osatuko dituzten Dinastia Etxabe pilota txapelketako final laurdenak. Final zortzirenetako bigarren jardunaldia izan zen jokoan atzo gauez Aitzuri pilotalekuan, eta lehen jardunaldian ez bezala –berdintasun handia izan zen orduan–, atzokoan uste baino erraztasun handiagoarekin nagusitu ziren bikote irabazleak. 

Gaueko lehen partidan Apezetxea-Santesteban eta Zabaleta-Goiburu bikoteak neurtu ziren. Emoziorik gabeko partida izan zen, hirunako berdinketaren ondoren, Apezetxeak eta Santestebanek aldea zabaldu zutelako markagailuan, 11-4ra heltzeraino. Partida 22-7 emaitzarekin irabazi zuten nafarrek. 

Bigarren norgehiagokan Aranbarri-Balerdi eta Beitia-Elorz bikoteak kantxaratu dira. Lehenak jarri dira aurretik markagailuan (5-0), baina Beitia eta Elorzek erreakzioa izan dute, 8na berdindu arte. Hortik aurrera dominatzaile garbiak izan dira eta partida erraz irabazi dute 22-10 emaitzarekin. 

Final laurdenak, astelehenetik

Final laurdenak astelehenean hasiko dira, aldaketa batekin. Izan ere, lehen kanporaketan garaipena lortu arren, Intza Garañok ezker eskua minduta amaitu zuen eta ez da jokatzeko moduan izango. Bere lekua Julen Sotilek beteko du Igoaren atzelari gisa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide