Dotore janzteko aitzakiarik ez da faltako bihar

Maria Maya Manterola 2025eko abuztuaren 1a

Gala Eguneko argazki txokoko irudi bat, iazkoa. (Juan Luis Romatet)

Abuztuko lehen larunbatean urtero legez, Gala Eguna izango da Zumaian. Gukak bere aletxoa jarriko du festan: argazki txokoa izango da Saregile plazan, eta herritarren eguneko oroigarria gorde ahal izango dute.

Urtero legez, abuztuko lehen larunbatean, bihar, Gala eguna ospatuko da Zumaian. Aitzakia bikaina izango dute herritarrek beren arroparik dotoreenak jantzi, kalera irten eta lagunartean afaltzeko. Gauean, gainera, Escala orkestraren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da Eusebio Gurrutxaga plazan, 23:30ean hasita. 

Zumaia Gukak ere bere alea jarriko du festa giroan. Izan ere, urtero bezala, udalarekin elkarlanean antolaturiko argazki txokoa izango da Saregile plazan 19:00etatik aurrera –euria egingo balu, Alondegiko Oxford aretoan jarriko lukete argazki txokoa–, eta herritar orok argazkiak ateratzeko aukera izango du bertan. Hurrengo egunetik aurrera ikusi ahal izango dira argazki horiek guztiak zumaiaguka.eus webgunean. 

Abuztua, bete-betea

Datorren asteburuan bakarrik ez: abuztuko gainerako asteburuetan ere jarraipena izango du Zumaian festa giroak. Izan ere, abuztuaren 8an, ostiralarekin, Euskal Jaia ospatuko dute herrian, eta egun osoko festa izango dute zumaiarrek, baserritarren jantziak soinean dituztela. Alde Zaharreko azoka, musika emanaldiak, balkoitik balkoirako bertso saioa, dantzaldiak nahiz jada tradizio bihurtu den sagardo dastaketa izango dira egun horretan. 

Abuztuaren 16an, berriz, Kuadrilla Eguna ospatuko dute, eta Dardara Fest jaialdiaren barruan, kontzertuak izango dira Amaia plazan. Saguxar, Bisai, Julen Garcia, Izan Bai eta STR taldeek eskainiko dituzte kontzertuak, hain zuzen. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide