Iker Gonzalezen 'Ultreia et Suseia', Donostiako Musika Hamabostaldian

Juan Luis Romatet 2025eko abuztuaren 1a

Jose Luis Echechipiak bihar Deban emango duen kontzertuan joko du musikari zumaiarrak 2018. urtean estreinatu zuen pieza.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, organoaren inguruko kontzertua entzun ahal izango da bihar, larunbata, Debako parrokian. Jose Luis Echechipia organistak emango du kontzertua 20:00etan hasita, eta bertan herri musikak organoan izan duen garrantzia aztertuko du. Organoa euskal dantzen laguntzaile ere bihurtuko du organo jotzaileak emanaldi horretan. 

Arratsean zehar joko duen lanetako bat Iker Gonzalez zumaiarrak konposatutako Ultreia et Suseia izango da. 2018ko Zumaiako Musika Jaialdian estreinatu zen lan hura Antxon Gonzalez Gabarainen El gran caminante liburuan oinarritu zen (orain gutxi Ibiltari handia izenarekin euskaratu dutena). Iker Gonzalezek, Zumaiatik Santiagora egindako bidea musikaren bitartez deskribatzen du, liburutik ateratako zenbait pasarte azpimarratuz. Estilo ezberdinak erabiltzen ditu autoreak bertan: Erdi Aroko musikatik ateratako estilokoak, pelikuletako musika, ezpata-dantza bat… Galiziako arima agertzeko, adibidez, El Romance de Don Gaiferos doinua erabiltzen du. Obraren amaieran Iker Gonzalezek liburutik ateratako El Gran Caminante testuaren gainean idatzitako abestiari ere keinu bat egiten dio.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide