Ostiraleko San Pedro Abesbatzaren emanaldiaren ostean, eta Gala eguneko atsedenaldiaren ondoren –ez zen musikarik falta izan, baina beste era batekoa–, gaur iluntzean izango da bueltan Zumaiako Musika Jaialdia, azken urteotan haren programazioko hitzordu finko bat denarekin, Sapere Aude Sinfoniettaren emanaldiarekin, hain zuzen. Orkestra honen kontzertua 20:00etan izango da, Zumaiena ikastolako aretoan.
Bi konposatzaileren obrak joko ditu gaurkoan Mikel Emezabalek zuzenduko duen musika taldeak. Batetik, Aaron Copland konposatzaile estatubatuarraren Appalachian spring izeneko lana joko du. 1944an estreinatu zuen ballet gisa –Martha Graham koreografo eta dantzariak Coolidge Fundazioaren laguntzarekin–, eta konpositoreari 1945eko Musikako Pulitzer saria eman zion. Argumentuak 1800eko hamarkadako aitzindari estatubatuarren udaberriko festa deskribatzen du.
Jarraian, Nikolai Rimsky-Korsakov errusiarraren Scheherezade lana joko du musika taldeak. 1888an konposatutako lana, Mila eta bat gau Ekialde Ertaineko herri ipuinen liburuan oinarritzen da. Scherezaderen istorioa gizon boteretsu baten basakeriari aurre egiteko bere nagusitasun intelektuala erabiltzen duen emakume babesgabe baten istorioa da.
Sarrerak Turismo Bulegoan erosi ahal izango dira gaur goizez, baita, online, entradium atarian ere. Ongintzazko kontzertua izango da gaurkoa, Afagiren (Gipuzkoako Alzheimerdunen eta bestelako dementziadunen senitartekoen eta lagunen elkartea) aldekoa, eta kontzertura agertu ezin, baina laguntza eman nahi dutenez, 0 ilarako 2 euroko dohaintza egin ahal izango dute, aipatu atarian.