Pasa den astean final zortzirenetako jardunaldiak jokatu eta gero, aste honetan emango diote hasiera Dinastia Etxabe txapelketako final laurdenei. Gaur, 21:00etan hasita, jokatuko dute fase horretako lehen jardunaldia Aitzurin. Gainera, gaurtik aurrera jubenil mailako pilotariak ere jokoan sartuko dira.
Hala, gaurko jaialdiari hasiera emango dion partidan, jubenil mailakoan, Egurrola eta Moto Aldaz eta Okiñenaren aurka arituko dira. Ondoren, 23 urtez azpikoen norgehiagoka izango da. Amiano II.a eta Landa Igoia eta Sotilen aurka arituko dira.
Zumaiako hitzordua izango da Unai Amiano kategoria horretan jokoan ikusteko azken aukeretakoa, irailean Baikorekin debuta egingo duelako profesional mailan. "Egungo afizionaturik onenetakoa da. Azken urtean bere jokoan jauzi izugarri bat eman duena. Ezeren gainetik bere kolpea nabarmenduko nuke. Profesionaletan ere gutxi dira halako ahala dutenak. Lanaren poderioz, asko ikasten ari da eta errematean ere asko hobetzen ari da. Konfiantza handia daukat jarria beregan, orain arte bezala lanean jarraitzen badu, zeresan handia eman dezake". Horrelaxe deskribatu zuen azken hilabeteetan bere entrenatzaile izan den Aimar Olaizolak Unai Amiano Baikok bere fitxaketaren berri eman zuenean.
Adituek dioten bezala, afizionatutako bere ibilbidea Zumaiako txapelarekin amaitzea ez litzateke, inondik inora, amaiera txarra bere ikasketa prozesuarentzat.