Anette Gonzalez Etxabarrik hirugarren egin du Challenger Series itzuliko hirugarren txapelketan

Maria Maya Manterola 2025eko abuztuaren 6a

Anette Gonzalez Etxabarri, urtarrilan, Filipinetan. (Cait Miers).

Kaliforniako Huntington hondartzan jokatu den US Openean lehenbizikoz aritu da surflari zumaiarra, eta emaitza bikaina lortu du han. Euskaraz aritu da txapelketa amaitu ondorengo adierazpenetan.

Joan den asteburuan jokatu da Kaliforniako Huntington hondartzan Challenger Series itzuliko hirugarren txapelketa, eta emaitza paregabea lortu du han Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarrak: podiumera igo da, hirugarren postuan amaituz US Open entzutetsua. Lehen parte hartzea zuen zumaiarrak txapelketa horretan, gainera. 

Kanporaketa gogorrak gainditu ditu Gonzalez Etxabarrik Kalifornian: lehen txandan, Mirai Ikeda japoniarra gainditu zuen; ondoren, Tessa Thyssen, Laura Raupp eta Nadia Erostarberekin lehiatu zen bigarren txandan, txandako notarik onena lortuz (11.63). Final-laurdenetan Yolanda Hopkins portugaldarra kanporatu zuen, 7.00 eta 5.93 puntuko olatuei esker. Azkenean, finalerdietan Tya Zebrowskiren aurka lehiatu zen: saio gogorra izan zen, eta zumaiarra saiatu zen aurkariaren 12.40eko puntuazioa hobetzen, baina 11.16rekin agur esan behar izan zion txapelketari. Hala ere, hirugarren postuak 6.085 puntu eman dizkio, eta bere ibilbidean jauzi nabarmena markatu du.

Euskal surflari gaztearentzat aurrerapauso handia izan da hau, eliteko zirkuituan bere lekua sendotzen ari dela erakutsiz.

Adierazpenak euskaraz

Txapelketa amaitu berritan, kazetarien galderei euskaraz erantzun zien Gonzalez Etxabarrik: "Eskerrik asko lagun guztiei eta familiari, hurrengoan ikusiko gara". Gaztezulok zabaldu du bideoa X sare sozialean. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide