Frida Watkins: "Zumaian irabazi ditudan bi txapelak oso bereziak izan dira"

Iraia Korta Altuna 2025eko abuztuaren 7a

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Hamazazpi urte besterik ez ditu, baina Eramanen rankingaren buruan da Frida Watkins puntista zumaiarra. Klubak ezartzen dizkion asteko bi entrenamenduez gain, bere kabuz ere entrenatzen du. Hainbat garaipen pilatu ditu, eta gehiagoren bila segitzeko indarrik ez zaio falta.

Uztaileko Zumaia Guka aldizkariko elkarrizketa da honakoa.

Frida Watkins (Zumaia, 2008) zesta puntako rankingeko lehen postuan aurkitzen da. Hain gazte izanik ere, asko bizitzea egokitu zaio dagoeneko, eta bere ametsak egia bihurtzera bidean doa.

Noiz hasi zinen zesta puntan jokatzen?

Duela zazpi bat urte hasi nintzen zesta puntan, 10-11 urterekin. Hasieran, esku pilotan aritzeko asmoa nuen, baina klubean lekurik ez zegoenez, zesta puntan izena eman nuen.

Nork animatu zintuen zesta puntan hastera?

Nire osaba eta lehengusua zesta puntan ibiltzen dira, eta horrek piztu zidan kirol horri probatzeko grina.

Zergatik aukeratu zenuen zesta punta eta ez beste kirol bat?

Zesta punta kirol ezezaguna zen niretzat, eta ez nekien nola jokatzen zen ere. Futbolean ibiltzen nintzen, eta beste zenbait kirol egiten nituen, baina zesta bat ikusi nuenean, interesa piztu zidan.

Zer diozu zure entrenamenduei eta klubari buruz?

Zumaiako zesta punta klubarentzat jokatzen dugu, eta astean bi entrenamendu egiten ditugu taldeka. Gero, ordea, asteko beste egun guztietan saiatzen naiz entrenatzen, neure erara, frontoia libre egoten da eta.

Zer zailtasun izan zenituen zesta puntan hasterako orduan?

Gehien kostatu zitzaidana pilota zestan sartzen ikastea izan zen; izan ere, pilota zestan sartzen ez baduzu, ezin duzu bota. Botatzea errazagoa da, baina zesta barruan pilota sartzea, hori izaten da zailena. Hasieran, frontoiaren atzeko aldean entrenatzen nuen; gero, pilota zesta barruan sartzen ikasi nuenean, frontisera igaro nintzen.

Zein da zesta puntaren gauzarik bereziena?

Bakarra dela. Ez dago horrelako beste kirolik. Horretaz gain, zesta puntan ibiltzen garen denak gertukoak gara, Euskal Herrikoak, eta horrek giro ona sortzen du gure artean.

Iñaki Osa Goikoetxea zure senidea da, munduko txapelduna hamazazpi alditan. Zer erakutsi dizu berak?

Hain jokalari ona izanda, errespetu pixka bat ematen dit Iñakik. Baina, egia esan, biok gaudenean ez dugu gai honen inguruan hitz egin sekula, eta horrek erosoago sentiarazten nau. Bera orain hautatzailea da, eta ni beste jokalari bat gehiago naiz. Hala ere, nire lehengusua izanda, konfiantza gehiago dugu hitz egiterako orduan, baina ez dit beste jokalariei eman ez dien laguntza berezirik eman.

Zumaiako puntisten artean zer harreman dago? Besteen babesik sentitu al duzu?

Orain arte Zumaian jende gutxi ibili izan da kirol honetan, eta askotan zailtasunak izan ditugu txapelketetarako taldea osatzerako orduan. Telebistaz botatzen hasi direnean, ordea, umeei interesa piztu zaie. Lehen frontoia hutsik egoten zen partida egunetan; orain, aldiz, jendez beteta egoten da.

Erraza egiten al zaizu zure gainontzeko betebeharrak kirolarekin uztartzea?

Egia da batzuetan nire lagunak kalean daudenean ni entrenatzen egoten naizela, baina ordutxo bat soilik izaten da. Gero beraiekin egoteko aukera izaten dut. Esfortzu txiki bat egin behar da, baina kirola gustatzen bazaizu, ez da kostatzen.

Nola uztartzen dituzu ikasketak eta kirola?

Kirola ikasketekin uztartzea zailagoa da. Baliteke azterketak ditudan egunetan partidu garrantzitsu bat tokatzea, eta dena aurrera eramatea, dena ongi kudeatzea, zailagoa da. Hala ere, jokalari gehienok kirola eta egunerokotasuneko eginbeharrak ondo uztartzen ditugu, eta normalean ez da bata besterako oztopo izaten.

Zein da zesta puntarekin lotuta daukazun oroitzapenik politena?

Mexikora joan nintzenekoa esango nuke. Hango bizipenak eta ikasi nuen guztia oso baliagarria izan da nire kirol ibilbiderako. Betway torneoan jokatzeko aukera izatea berezia izan zen, eta bidaia hartako oroitzapen zoragarriak ditut.

Zure familiari eta lagunei zer iruditzen zaie zuk zesta puntan jokatzea?

Egia esan, oso pozik daude denak. Asko babesten naute lagunek, beti etortzen dira partidak ikustera. Horrez gain, amamaren bultzada ere ezinbestekoa izan da; txiki-txikia nintzenetik nire entrenamendu guztiak ikustera etorri izan da, eta ilusio handia egiten dit berak ikustea hau guztia lortzen ari naizela.

Nola prestatzen zara lehiaketa garrantzitsu baterako?

Ez naiz izan lehiaketa baten aurretik asko prestatzen den horietakoa, baina inoiz ez zait gustatu etxean gelditzea ere. Hasi nintzenetik, gutxi gorabehera, errutina berdina jarraitu dut. Partida garrantzitsuagoa bada, gehiago entrenatzen dut, eta zentratuago egoten naiz, baina hala ere, ez dut ezer berezirik egiten. Pentsatu izan ohi dut zerbait desberdina probatzea, baina ongi ez ateratzearen beldur naiz; beraz, nahiago dut errutina berdina jarraituta.

Zein da errutina hori?

Esan bezala, ezer zehatzik ez, bainaa etxean geratzea ere ez zait gustatzen. Adibidez, 18:00etan partida baldin badut, 16:00etan lagunekin kalera irteteko ohitura dut, partidan gehiegi ez pentsatzeko.

Izan al duzu inoiz lesiorik? Nola egin diozu aurre?

Inoiz ez dut ezer hautsi, ezta ireki ere, baina futbolean ibiltzen nintzenean txorkatilak asko bihurritzen nituen. Kostatu zitzaidan bihurritu horietatik errekuperatzea, baina jada hobeto nago.

Zesta puntan banaka jokatzen duzu ala binaka?

Bi modutara jokatu izan dut. Hala ere, jokatzerako orduan nahiago dut banaka jolastea; ikusteko, ordea, gehiago gustatzen zait binakako jokoa.

Jokatzerako orduan nahiago dut banaka jolastea; ikusteko, ordea, gehiago gustatzen zait binakako jokoa.

Zer harreman duzu zesta puntan zure bikotekidea denarekin?

Bikotekidea aldatuz joaten da partida batek bestera. Enpresa batentzat jokatzen dugu, eta hark erabakitzen du norekin jokatuko dudan partida bakoitza. Banaka jokatzea zailagoa da, dena zure esku dago, eta Zumaiakoa bezalako frontoi handi batean aritzea neketsua da; zure indarrak kontrolatzen jakin behar duzu partida osoan zehar. Binaka, aldiz, errazagoa da, elkar lagundu daitekeelako.

Zein da orain arte irabazi duzun txapelketarik garrantzitsuena edo bereziena?

Zumaian irabazi ditudan bi txapelak oso bereziak izan dira. Santelmoetako giroa, frontoia beteta ikustea, lagun guztiak begira... ikusgarria izan zen. Bestalde, Bilboko binakako azken torneoa irabaztea ere berezia izan zen, aurkariak oso gogorrak baitziren eta niretzat erreferenteak izandako jokalarien aurka jokatu bainuen.

Zein izan da azkena parte hartu duzun txapelketa? 

Aurten sei bat txapelketa jokatu ditut. Masterrak garrantzitsuagoak izan dira Eraman enpresarentzat. Banaka bi txapel irabazi ditut, Gipuzkoakoa eta Euskadikoa, baina Eramanekin irabazteak betiere poz handiagoa ematen du, rankingean gora egiteko.

Zer da Eraman?

Orain jokatzen dugun enpresa da Eraman; hau da, Eraman enpresarentzat jokatzen dugu. EITBrekin eta telebistekin harremanak ditu, eta nesken torneoa sortu dute. Hala, torneo desberdinetan jokatzeko aukera izan dugu, eta sailkapen bat eraiki dugu, gero final four edo lauko finala jokatu ahal izateko.

Sailkapen horretako lehen postuan zaude. Hain gazte izanda, nola sentiarazten zaitu horrek?

Ez nuen espero rankingaren lehen postuan egongo nintzenik. Egia da torneo hau ilusio handiz jokatzen hasi nintzela eta pixkanaka hobetuz joan naizela, baina ez nuen uste lehen postuan egongo nintzenik. Orain, Markinan [Bizkaia] kiniela bat jokatuko da, eta ni ez naiz bertan egongo, baina ez du sailkapenean eraginik izango. Jokatzea gustatuko litzaidake, baina kanpoan geratu naiz, eta hurrengo partidetarako prestatuko naiz.

Nola kudeatzen dituzu porrotak edo emaitza txarrak?

Betidanik izan naiz oso lehiakorra. Partida garrantzitsu bat galtzeak beti ematen dizu tristura pixka bat edo negar egiteko gogoa, baina azkar ematen diot buelta horri, ordubete bateko kontua izaten da.

Zer harreman duzue emakume puntisten artean?

Harreman estua eta ona dugu gure artean; geure artean ez daukagu pikerik, elkar laguntzen saiatzen gara eta lagunak gara guztiok. Hasiera batean, arraroa egiten zitzaidan eta ez nuen oso ondo ulertzen harreman hori, baina halakoxea da.

Zure ustez, emakumeek gizonezkoen aukera berdinak al dituzte zesta puntan?

Gizonei aukera gehiago eman izan dizkiete orain arte; adibidez, emakumeok ez dugu aukerarik izan telebistan irteteko edota enpresa ezberdinekin jokatzeko. Baina aurten, lehen aldiz, Eraman enpresak izugarrizko aukera eman digu. Frontoiak beteta jokatzeko aukera izan dugu, eta telebistaz bota dituzte gure partidak. Horrela jarraituz gero, emakumeen zestak aurrera jarraituko duela uste dut.

Uste duzu zure belaunaldiak aldaketa ekarriko duela kirolean?

Belaunaldi berriak indartsu datoz nesketan. Lehen neska gutxiago zeuden kirol munduan, eta pixkanaka gehiago ikusten dira. Horrek emakumeen kirolari indarra emango dio.

Zein da zure amets handiena kirolari bezala?

Denboraldi oso on bat egitea gustatuko litzaidake, garbia eta partida asko irabazitakoa. Bestalde, ilusio handia egingo lidake selekzioarekin mundiala jokatzeak, eta baita lauko finala jokatzeak ere.

Nola ikusten duzu zure burua hamar urte barru?

Gustuko dudan lan on bat izatea espero dut. Ez dakit zestarekin uztartzeko ze aukera izango ditudan, baina asko bidaiatu nahiko nuke. Bestalde, beste herrialde batera joango nintzateke esperientzia berrien bila, baina ez naiz kexatuko Zumaian jarraitzen badut.

Zer pentsatzen duzu presio mediatikoaz kirolariengan? Zuk sentitzen duzu iada presio hori?

Orain hasi naiz presioa sentitzen. Azken finean, guztiok jokatu nahi ditugu goi mailako lehiaketa horiek, denok nahi dugu rankingean lehen postuetan egon. Hala ere, lehen postua mantentzeko presioari kasurik ez egiten saiatzen naiz. Azkenean, presiorik ez dudala sentitzen dudanean hobeto jokatzen dut.

Lehen postua mantentzeko presioari kasurik ez egiten saiatzen naiz.

Uste duzu gizarteak oraindik estereotipoak dituela emakume kirolarien inguruan?

Zesta puntan ez dakit, nik ez dut estereotipoen presiorik sentitu. Gure jokatzeko modua publikoari gustatu zaiola eta nesken zesta punta ondo ikusia dagoela uste dut. Egia da neskok indar gutxiago dugula mutilekin alderatuta, baina esnago nuke garen bezala onartzen gaituztela eta eskaintzen dugunarekin gustura daudela.

Baduzu beldurrik afizio hau obligazio bihurtzeko?

Bai. Lehen lehiaketa garrantzitsua 14 urterekin jokatu nuen. Garai hartan ez nuen telebistako kamerak aurrean nituenaren presiorik sentitzen. Are gehiago, gustura nengoen telebistan agertuko nintzelako. Orain, aldiz, erakutsi behar dudanaren presioa dut, baina ez nau gehiegi kezkatzen.

Zer mezu bidaliko zenieke emakume kirolariei?

Amorerik ez emateko. Emakumeen kirola gero eta indar handiagoa hartzen ari da eta horretan jarraitu behar dugu, amorerik eman gabe. Azken finean, belaunaldi berriak badatoz, eta guk lortu dugunari eutsi behar diogu atzetik datozenek ere aukera berriak izan ditzaten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide