Tantoak irabaztea garrantzitsua bada ere, tanto gutxi galtzea are erabakigarriagoa izaten da Dinastia Etxabe txapelketako jardunaldiek aurrera egin ahala. Horixe izan da Rekalde-Apeztegia eta Salaberria anaiak finalaurrekoetara eramateko gakoa: aurkariek baino huts gutxiago egitea.
Nagusien mailan, Rekalde-Apeztegia bikoteak 22-10 irabazi zion Cestau-Lazkozi herenegun. Partida hotza izan zen, erritmo gutxikoa, eta huts asko izan zituena. Hasieratik Rekalde-Apeztegia nagusi izan ziren, eta Cestauk eta Lazkozek ezin izan zuten markagailua irauli. Azkenerako, urdinek 16 huts egin zituzten eta horrek partida guztiz baldintzatu zuen.
Jubeniletan, Salaberria anaiek 22-13 irabazi zieten Nazabal-Figueroari, batez ere, gutxiago huts egin zutelako eta hobeto kokatu zirelako pilotalekuan. Nahiz eta Nazabalek partida hasiera bikaina egin (4-0 aurreratu ziren), Salaberria bikiak pixkanaka nagusitu ziren. Bigarren zatian huts ugari egon ziren —sake hutsegiteak eta pilota galera asko— eta horretan ere nafarrak sendoago aritu ziren, Figueroak mina izan arren.
Finalaurrekoetan ondorengo bikoteak arituko dira, beraz:
- Nagusietan: Amiano II.a-Landa / Rekalde-Apeztegia.
- Jubeniletan: Egurrola-Moto / Salaberria anaiak.
Beste bi finalerdiak datorren astean jokatuko dira.