Taloak, sagardoa eta erromeria, Euskal Jai egunean festa giroan jarraitzeko

Maria Maya Manterola

Herri bazkarian indarrak hartu ondoren, arratsalde partean eman diote jarraipena Euskal Jai egunari. Jendetza bildu da Eusebio Gurrutxaga plazan 19:00etan, eta hamar etxeetako sagardoa dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek.

Goizean goiz hasi da festa giroa Zumaian, eta Eusebio Gurrutxaga plazan herri bazkarian indarrak hartu ondoren, arratsalde partean ere ekitaldi ugari izan da festa giroaz gozatzeko. 

Sagardo dastatzea izaten da Euskal Jai eguneko ekitaldi nagusienetako bat, jendetza biltzen baita haren bueltan. Aurtengoan, hamar etxetako sagardoak dastatzeko aukera izan da Beheko plazan: Aburuza, Bereziartua, Ekain, Gartziategi, Iparragirre, Izeta, Lizeaga, Petritegi, Satxota eta Urdaira, hain zuzen. Erkibe elkarteko kideen eskutik, txistorraz, hirugiharrez edota txokolatez beteriko taloak ere izan dira salgai. 

Egunari amaiera emateko, dantzaldia izango da Amaia plazan, Joselu anaien eskutik. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide