Erleak Amezmendiko paradisuan

Juan Luis Romatet 2025eko abuztuaren 10a

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Erleak epizentroan dituen proiektua dute martxan Cesar Blancok eta Mikel Arrietak Zumaian, Amezmendi mendian. Erlauntzak edukitzeaz gain, hainbat landare, zuhaitz eta sasi landatu dituzte, erleentzako ekosistema berezi bat sortuz. Gizakiok erleekin genuen lotura berreskuratu nahian, dibulgazioa oinarri izango duen proposamena sortu nahian dabil Arrieta. Uztaileko Zumaia Guka aldizkariko erreportajea da honakoa.

Paradisuaren pareko lekua egokitu dute Cesar Blancok eta Mikel Arrietak Amezmendin, Zumaiako herrigunetik metro gutxi batzuetara. Iparraldera Talaimendi eta Kantauri itsasoa ditu; Garate gaina eta Artadi, ekialdera begiratuz gero; Santa Klara baserria mendebaldera eginda; eta hegoaldera, tente-tente, Izarraitz, etxolatik nabari ez bada ere. Eraikinaren inguruan, zelaia, espezie bateko eta besteko zuhaitzak, sasia eta mila eta bat landare mota, haien loreak erleek noiz polinizatuko dituzten zain. "Hau sortu genuenean, zuhaitz bakarra zegoen hemen, eta begira orain", dio Blancok, ingurura begiratzen duen bitartean, bera ere txundituta.  

Sasi garbitzeko makina du esku artean, eta belarra mozteko lanak utzi ditu une batez bisitariei kasu egiteko. Urteak daramatza Amezmendin lanean, berea ditu lursaila eta etxola. Bakarrik hasieran, azken urteotan Arrieta batu zaio proiektura. Ekaineko arratsalde bero eta eguzkitsu batean egin diote ongietorria Zumaia Gukari, aurrera daramaten proiektuaren berri emateko. Falta direnak, proiektuko onuradun nagusiak dira: erleak. "Haiek, gure neskak, dira hemengo protagonistak", dio Blancok irribarre handi batekin. Poza nabari zaio erleei buruz hitz egiten duenean.

Izan ere, erleek elkartu dituzte bi lagunak Amezmendiko gainean. Blancok zelaiko belarrak mozten jarraitzen duen bitartean, Arrietak proiektuaren inguruko azalpenak eman ditu, etxolako kanpoaldean atondutako espazioan. Beiraz estalitako gela da eta mahai luze bat prestatu dute bertan, baita parrilla moduko bat ere ondoan. Zumaiaren ikuspegi ezin hobea izan daiteke bertatik. "Hemen lan egitea gozamena da", dio Arrietak.  

Hara bidean, hormaren ondoan utzitako metalezko xafla erakutsi du. Ezti arrasto gutxi batzuk geratzen dira txapan, eta haien bueltan dabiltza erleak hegan, geratzen den ezti gutxi hori jasotzen. "Beraiek garbitzen dute erabiltzen dugun material guztia", esan du Arrietak. Metro gutxira, eguzkipean utzitako tresneria dago. Behealdetik, beroak urtu eta forma bitxiak hartu dituen argizaria ageri da. "Material hau guztia berriro erabiltzen dugu, adibidez, erlauntzetako argizarizko laminak egiteko". Erleek beraiek erlauntzaren barruan hexagono forma perfektudun argizarizko abaraskak sortzen dituzte. Arrietak eta Blancok, baina, argizaria berrerabiliz, lamina modukoak egin ohi dituzte, gero erleek eztia egiteko erabiliko dituztenak. "Era horretan, lan bat kentzen diegu". Etxola barruan dituzte erlauntzak egiteko beharrezkoak diren egurrezko piezak, eztia ateratzeko makinak eta erlauntzetara segurtasunarekin hurreratzeko jantziak, besteak beste.

Aspalditik zuen Arrietak erleekin lan egiteko gogoan. Esan daiteke familiatik datorkiola zaletasuna, nahiz eta bere senitartekoetatik inor ez aritu jarduera horretan. Ez gogo faltagatik, behintzat. "Gure aitonak bazuen erleekin lan egiteko gogoa, baina bere familiak ez zion utzi", gogoratu du. Hala, bere kabuz hasi zen erlezain lanetan, Elgoibarren bere aitonak zuen lursail batean, hasiera hartan lauzpabost erlauntzarekin. Orduan jaso zuen Blancoren deia. Azken horrek urteak zeramatzan erleekin lanean, Amezmendin. "Esan zioten ni ere erleekin ari nintzela lanean, eta nirekin harremanetan jarri zen Amezmendiko proiektuaren berri emateko; interesgarria iruditu zitzaion ni ere proiektuan sartzea". Irakasle ohia, erretiroa hartua zuen ordurako Blancok, eta lursaila zuen Amezmendin proiektua abiatzeko. Arrieta, bere aldetik, Eusebio Gurrutxaga plazako Kraken tabernaren jabea zen, pasa den neguan saldu zuen arte. Duela pare bat urtetik bien artean eramaten dute erlategia eta inguruko baratzea. "Gure helburua ez da erlategi soil bat edukitzea, ekosistema moduko bat sortzea baizik", azpimarratu du Arrietak, eta nabarmendu du egiten duten lanketa guztia erleei begirakoa dela.

Egun, ahuakate zuhaitzak landatzen ari dira Amezmendiren magalean. Zuhaitz gazteetan zaharragoen aldaxkak txertatzen dihardute azken boladan. "Behin txertaketa eginda, zuhaitza lehenago hasten da loreak ematen; askoz ere azkarrago ematen die janaria erleei", dio Blancok. Etxola kanpoan dituzte ahuakate zuhaixkak Amezmendiren magalean landatzeko prest. Euskal kostaldea zuhaitz mota hori landatzeko leku egokia dela uste du Arrietak, eta duela gutxi Aizarnazabalen abian jarritako ahuakate plantazioa jarri du horren adibide gisa. Desberdinak dira, ordea, bata eta bestea, eskalagatik, baina, bereziki, bakoitzak duen helburuarengatik. Izan ere, fruituaren produkzioa baino, erleak dira Amezmendin sortutako espazioaren epizentroa. "Azkenean, hemen sinbiosi bat sortzen da", dio Blancok. "Zuhaitz hauek landatuz guk janaria ematen diegu erleei, baina gero beraiek zuhaitzak polinizatzen dituzte, fruitu gehiago sortuz", dio. "Hemen sortzen dugun guztia erleei esker da", gaineratu du Arrietak. "Sagarrondoak ere baditugu, eta hauek hainbeste sagar ematen badituzte, erleei esker da". Norberaren kontsumorako fruituak ere lortzen dituzte, baina biek ala biek garbi utzi dute proiektuaren oinarria erleak direla, ez sagarraren edo ahuakatearen produkzioa handitzea.

Milaka erle baso ertzean

Etxolatik ehun bat metrora dute erlategia, asfaltozko bidea pasatuta, Agerre baserrietara eramaten duen basoaren ertzean. Dozena pasa erlauntzez osatzen da Blancoren eta Arrietaren erlategia, eta guztira milioitik gora erle dituzte. Erlauntzetara hurreratuta nabari da erleen dantza. Hamasei gradutik gorako tenperaturarekin egiten dute lan erleek; beroa nahi izaten dute janari bila ateratzeko. Bisita egindako egunean bero egiten du, eta, erlezainen jantzia soinean, izerdi tantak erortzen dira sudur puntatik behera.

Erlauntzaren ahoaren bueltan dabiltza erleak mugimenduan, gehienak janaria eramanez; atean, berriz, soldaduak daude erlauntza babesten; eta barruan, nonbaiten, ama, ondo babestuta. Izaki horriek sortzen duten furrundak ardura sortu badezake ere, ondo babestuta joanda, erlezainen jantziak soinean eramanda, arriskurik ez dagoela diote Arrietak eta Blancok, "erleak ez direlako izaki bortitzak". Jendeak izan ditzakeen beldurrak artifizialki sortuak direla dio Arrietak. "Erleekin aritzen den edonork esango dizu beldurrik ez dela eduki behar". Eta haiekiko jokabidea aldatu behar dela ere uste du. "Adibidez, erle bat etxean sartzen denean, hil egiten dugu. Zergatik? Hori ez zait buruan sartzen. Erle hura etxean sartuko zen usainarengatik edo beste arrazoiren batengatik, eta leihoa zabalik bada, joan egingo da inongo kalterik eragin gabe". Erle batek norbait erasotuko badu, bere etxea defendatzen ari delako izango da. "Etxea edo ama babesteko borrokatuko du. Hortik aparte, ez du inor erasotuko", azaldu du Arrietak. Erlezainaren iritziz, "espezie polinizatzaile horiek, erleak, liztorrak, berez ez dira bortitzak".

Erlauntzak edukitzea bakarrik ez, ekosistema berezia sortu nahi dute erleei begira

Hala ere, erleak ez aztoratzeko neurriak hartzen dituzte. Hala, perfumerik, koloniarik edo usaindun desodoranterik ez dute erabiltzen erlauntzetara hurreratzen direnean, "usain horiek haien instintuak esnatzen dituztelako". Babeseko jantziak ere horregatik dira kolore argikoak, Arrietaren esanetan. "Erleen etsai handienak otsoak eta bestelako animalia ilunak izan dira historian zehar. Zuriz jantzita bazoaz, ez zaizu ezer gertatuko, baina jantzi edo kamiseta beltz edo ilun batekin bazoaz, etsai bezala ikusiko zaituzte", zehaztu du Arrietak.  

Erleen joan-etorria etengabea da. Erlauntza bakoitzean 80.000 erle egon daitezkeela dio Arrietak, erle ama bakarrarekin. Amezmendiko lagunek ez dute erregina hitza erabiltzen; gustukoago dute erle ama terminoa erabiltzea. "Betidanik ezagutu izan dira erle ama bezala", dio Blancok. "Erregina deitzearena, berriz, mende batzuetatik honako ohitura da". Erle arren kasuan, gaztelerazko zangano hitza erabiltzearen aurkakoak ere badira. "Hitz horrekin, badirudi erle horiek ez dutela ezer egiten, alferrak direla, baina erle mandoek badute beraien lana eta ardura", jarraitu du.  

Erleek bizirik irauten duten denboran (erle europarrak 30 eta 60 egun bitarteko biziraupena du; erle ama, aldiz, bi eta bost urte artean bizi daiteke) funtzio desberdinak betetzen dituztela diote biek ere. "Hasieran, erle jaioberriak zaintzen aritzen dira, baita erlauntza garbi mantentzen ere". Gerora, erle batzuk soldadu bihurtzen dira eta erlauntzako atea edo ahoa zaintzen dute, etsaiak edo beste familia bateko erleak erlauntzan sartu ez daitezen. Besteak, aldiz, janari bila ateratzen dira, eta landareak eta zuhaitzak polinizatzen dituzten bitartean, janaria –nektarra edo polena– eramaten dute erlauntzara, hexagono formako zulotxoetan utzita eztia sortzeko.

Erle amaren kasuan, bere ardura bakarra arrautzak jartzea da komunitatea edo familia handitzeko. Aditua ez den norbaitek pentsa dezake ama, handiagoa izanik eta bizitza luzeagoa izanik, bestelako erle espezie bat dela. "Ez da horrela, beste edozein erle bezala jaiotzen da", adierazi du Arrietak. "Beste erleek erabakitzen dute zein izango den erlauntzako hurrengo ama. Elikadura aldatzen diote, eta horregatik egiten da hain handia. Hori da aldaketaren arrazoi bakarra". Erle ama batek 1.500 arraultza jar ditzake egun bakarrean. Horrek nabarmen handitzen du kutxa bakoitzeko bizidunen kopurua. Halakoetan, erlauntza erditik zatitzen dute, "erleak lasaiago egoteko".

Udaberria Zumaian, udazkena Araban

Erlauntzak lekuz aldatzen dituzte urtaroaren arabera. Negua eta udaberria Zumaian igarotzen dituzte; udazkena, berriz, Araban igarotzen dute. Badute lekualdatze horretarako arrazoia. "Erleen etsai handiena den liztor asiarrik ez dute Araban. Orduan, hemengo landareak loreak edukitzeari uzten diotenean, hara eramaten ditugu". Udazkenaren amaieran ekartzen dituzte bueltan, "Arabako negua oso gogorra baita".  

Erlauntzak lekuz aldatuz, urtean bi ezti ekoizpen izaten dituztela ere adierazi dute erlezainek. Udaberrian hemen inguruan ibiltzen dira, eta sagarrondoko, erromeroko, sasiko edo beste landareetako eta loreetako polenarekin egiten dute eztia, Udaberriko eztia, alegia. Araban, berriz, txilarren bueltan aritzen dira eta harekin egindako eztia ekoizten dute. "Udaberrikoa argiagoa da, eta txilarrarena ilunagoa", dio Arrietak. Justu txilarrarekin egindako eztiagatik jaso zuten Euskal Herrko ezti onenaren saria duela urte batzuk.  

Sariak jasota ere, garbi dute ekoizten duten eztia, fruituen kasuan bezala, kontsumo propiorako dela, lagunen eta familiartekoen artean banatzeko. Eztiaz gain, erleek erlauntzen zirrikituak ixteko erabiltzen duten propolia ere ekoizteko gai dira. "Eztia ekoiztetik ezingo genuke bizi", dio Arrietak. Adibide bat jarri du hori arrazoitzeko: erle batek kafe koilarakadatxo bat adina ezti ekoizten du bizi den denboran. "Hortik bizi nahiko bagenu, pentsa zenbat ekoitzi beharko genukeen soldata bat ateratzeko. Agian egingarria izango litzateke erlauntzan bitan zatitu beharrean, hirutan edo gehiagotan zatituko bagenitu, baina ez dago hori gure asmoen artean, ezta bultzatu nahi dudan proiektuan ere", esan du Arrietak.  

Gizartea eta erleen arteko lotura berreskuratzeko dibulgazio lanei ekingo diete

Lotura berreskuratu

Gogoan du Mikel Arrietak lehen baserri guztiek izaten zituztela erlategiak. Baserrietan izandako produkzio aldaketen ondorioz, lotura hori galduz joan da. "Lehen norberarentzako ekoizten zuten baserrietan, eta geratzen zena saltzen zuten. Orain produktu bakarra ekoizten dute, eta norberarentzako hogei kilo baba ekoiztu beharrean, 250.000 kilo produzitzen dituzte, eta haiek saldu dirua ateratzeko". Zentzu horretan, Arrietaren ustetan, gizartea erleengatik gero eta urrutiago dago. Horrek eraman du erleak erdigunean izango dituen proiektu bat bultzatzera, "erleak Zumaiako herrira gerturatzeko, jendea jabetu dadin erleak zer onura ekartzen duten".

Orain arte formakuntza landu du, ikastaroak egin ditu, inguruan egin dituzten ekintzetan ere parte hartu du, baita tailerretan ere. Urte hauetan guztietan erleen inguruan pilatutako jakituria partekatzea du orain helburu Arrietak, Zumaian bertan, ahal dela. "Iruditzen zait herri mailan dibulgazio lanetan aritzeko maila badudala", azaldu du. Bere gogoa enpresa moduko bat sortzea izango litzateke, "erleen inguruko dibulgazioa egiteko". Eskolekin lan egitea ere aurreikusi du, baita interesdunei egun batez erlezain izateko aukera ematea ere, "erlezain izatea zer den jakin dezaten, eta erleekiko izan dezaketen beldur hori galdu dezaten". Erleen inguruko prozesu guztia nola den ere erakutsi nahiko luke, "herriari gerturatzeko edo ohitura hori berreskuratzeko". Ametsa egia bihurtzeko jakitun da lursail bat eskuratu beharko lukeela, "hemen dugun hau Cesarrena delako". Zumaian bertan herrigunetik gertu egotea izango litzateke egokiena, "oinez joan ahal izateko", ahalik eta hondakin gutxien sortuz.

Hori gauzatu bitartean, behin erlauntzak bisitatzetik bueltan, erlezainen jantziak kenduta eta izerdia lehortuta, mahaiaren bueltan eserita, Amezmendiko fruituekin egindako zukua eta gozokiak atera ditu Cesar Blancok sukaldetik. Aurrean, Zumaiako ikuspegia. "Urteak egin ditut Araban lanean", azaldu du. "Honek ere lan asko eskatzen du, gogorra da, baina ikuspegi honekin arinagoa egiten da", dio zukua ahora eraman duen bitartean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide