Hirugarren izan da Irati Osa Sella ibaiaren nazioarteko jaitsieran

Juan Luis Romatet 2025eko abuztuaren 11

Irati Osa eta Arantza Toledo, eskuinean, Sellako jaitsierako podiumean. (Utzitakoa)

Arantza Toledorekin osatu du bikotea piraguismoko proba garrantzitsu horretan. Irteeran kateatuta geratu ziren, eta atzetik aurrerako estropada eginez, podiumera igotzea lortu zuten. 

Larunbatean jokatu zuten Asturiasen (Espainia) Sella ibaiaren 87. nazioarteko jaitsiera piraguismo proba. Parte hartzaileek Les Arriondes eta Ribaseya arteko bidea egin behar izan zuten eta, ohi bezala, jendetza bildu zen, bai parte hartzaileen aldetik, baita proba ikustera joan zirenen aldetik.

Irati Osa piraguista zumaiarra podiumera igo da beste behin ere. Aurreko bi urteetan estropada irabazi zuen –2023an bakarka eta 2024an bikoan–; aurten, ordea, hirugarren postua lortu du. Espaniako selekzioarekin aritu zen, Arantza Toledorekin K-2a osatuta. Ez zuten zorterik izan irteera puntuan, kateatuta geratu zirelako beste parte hartzaileen artean. Hor ihes egin zieten Espainiako selekzioko beste bi ontziek. Atzetik aurrera egindako estropadan, beste aurkariak atzean uzteko gai izan ziren, baina ez selekzioko beste bi piraguak harrapatzeko adina. Hala, hirugarren egin zuten Osak eta Toledok. 

Asier Aizpurua laugarren

Itxas Gain klubeko Asier Aizpurua ere Les Arriondeseko irteera puntuan izan zen, beste kasuan K-1ean, junior mailan. Laugarren izan da Aizpurua estropada horretan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide