Amaitu da dagoeneko aurtengo Zumaiako Musika Jaialdia. Ia bi aste iraun dituen kultur jarduera horretan musika klasikoa izan da nagusi, baina izan da jazzarentzako lekua ere, baita dantzaz edo zinema proiekzioez gozatzeko ere. Uztailaren 29an abiatu zen Klarinete laukoteko talde irabazlearen kontzertuarekin eta atzo gauez bukatu zute Vivalma hirukoteak eskainitako musika barrokoko hitzorduarekin,. Azken hau, Donostiako Hamabostaldiarekin elkarlanean antolatutako kontzertua izan zen.
Aurtengo jaialdiaren barruan antolatutako emanaldiek izandako maila nabarmendu du Udaleko Kultura Sailak. "Programazio anitza izan da, baita orekatua ere. Espazio ezberdinetara iritsi gara eta musika mota oso anitzak eskaintzeaz gain, dantza emanaldiek gero eta jarraitzaile gehiago dituztela ere ikusi ahal izan dugu", adierazi dute.
Entzuleek ere bikain erantzun dutela ere azpimarratu dute antolatzaileek. "Erantzuna bikaina izan da, herritarrak, baina baita kanpotik inguratutako ikusle-entzule ugari izan ditugu emanaldi guztietan". Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkio "publiko finari".
Eskerrak eragileei ere
Udalak eskerrak eman nahi dizkie, baita ere, antolakuntza lanetan laguntzen duten herriko musika elkarteei. "Egitarauaren idazkeran aholkulari gisa lan egiteaz gain, beraien kontzertuetan aparteko maila erakutsi digute: eskerrik asko Zumaiako Musika Banda, San Pedro Abesbatza eta Sapere Aude Sinfoniettari", amaitu du esaten.