Joan zen uztailean hil zen Eva Romatet futbol entrenatzaile zumaiarrari omenaldia egingo diote abuztuan. Emakumeen futbol partidak antolatu dituzte hilaren 15erako eta 30erako, eta lagun arteko bazkari bat ere egingo dute.
Ostiralean, abuztuaren 15ean, Reala B eta Bizkerre taldeak ariko dira nor baino nor Aita Mari futbol zelaian, 11:30ean hasita. Realeko emakumeen bigarren taldea eta Bizkerre Bizkaiko taldea Espainiako Bigarren Mailan aritzen dira. Partida hasi aurretik omenaldia egingo diote Romateti; familiari oroigarri bat eta lore sorta bana emango diote.
Hurrengo hitzorduak hilaren 30ean izango dira: infantil eta kadete mailetako neskek jokatuko dituzte norgehiagokak, Aita Mari futbol zelaian. Lehen neurketa, 09:00etan izango da, eta Zumaiakoko bi talde ariko dira lehian. Bigarrena, berriz, 10:00etan izango da, eta Zumaiakok Azpeitiko Lagun Onaken aurka neurtuko ditu indarrak. Egun horretako azken partida, 12:00etatik aurrera, Zumaiako emakume beteranoek jokatuko dute.
Bazkaria, gero
Dena ez da, baina, futbola izango. Neurketak bukatzean, 14:30ean, bazkaria egingo dute. Dagoeneko eman daiteke otordurako izena, 625 38 38 72 edo 619 42 43 37 telefono zenbakira Whatsappez mezua bidalita.
Omenaldiaren antolatzaileek zehaztu dutenez, Zumaiako emakumeen taldearekin edo Eva Romatetekin harremana izan duen oro dago bazkarira gonbidatuta.