Final-laurdenetan murgilduta dago Dinastia Etxabe pilota txapelketa. Atzo gauez fase horretako hirugarren jardunaldia jokatu zuten eta, 23 urtez azpikoen kategorian, txapelketako zerrendaburuak ziren Lizeaga eta Bernaola kanporatu zituzten aurreko fasetik zetozen Apezetxeak eta Santestebanek, 22-16 emaitzarekin. Partida hasi aurretik, ezbehar baten ondorioz zendu den Xabi Zubiria pilotaria izan zuten gogoan atzo Zumaian aritu ziren zortzi pilotariek, minutu bateko isilunearekin.
Final-zortzirenetan sailkatutako bikotea da atzo garaile izan zen Apezetxea-Santesteban. Orduan, zuzentasuna eta segurtasuna nahikoak izan zitzaizkien goizuetarrarii eta zubietarrari atarikoa gainditzeko eta atzo ere aurkariek baino askoz gutxiago oparitzea oso baliagarria izan zitzaien finalerdietara sailkatzeko.
Partidako lehen zatia oso orekatua eta borrokatua izan zen, markagailuan etengabeko berdinketekin. Lehen zati horretan aurrelarien erremate ederrak eta hutsak nahastu dira. Eñaut Lizeaga aurrelariak erremate ederrak egin zituen, boleaz eta gantxoz batez ere, baina akats gehiegi egin zituen, egin eta desegin horretan zenbaki negatiboak pilatuz. Partidaren erdialdean nahastu eta aurkariei markagailuan zuloa egiteko aukera eman die opari dezente eginez. Apezetxea, bere aldetik, oso zuzen aritu zen kantxan, bere atzelaria gidatzen jakin du eta dozena erdi bat erremate ere sartu ditu hurrengo faserako txartela lortuz.
Osteguneko Zubizarreta-Loza/Beitia-Elorz partidatik irtengo dira euren aurkariak.
Aurretik, jubenil mailako partida jokatu zuten. Harkaitz Murua eta Aitor Etxeberriak oso partida serioa egin dute eta erraz nagusitu zaizkie Izagirre eta Salinasi (22-13).