Amets bat betetzeko aukera ari da izaten Aitor Agirre txirrindulari zumaiarra. Euskaltel-Euskadi taldearen mailot laranja jantzita, Danimarkako Tourra ari da korritzen Agirre. Gaur eman diote hasiera Ipar Europako herrialde hartako itzuliari, eta larunbatera bitartean lehiatuko dira, bost etapatan banatuta.
Agirre stagiaire gisa fitxatu du Euskaltel-Euskadik denboraldi amaierara arte. Euskadi Fundazioko talde amateurrarekin lehiatu da zumaiarra azken lau urtetan, eta iaz eta aurten egindako lan onak eraman du Agirre lehen taldearekin korritzera. Stagiaire bezala arituko da Agirre. Hau da, ez dago ziurtatuta datorren urtean lehen taldean arituko denik, baina bai profesional mailako txirrindulariekin ariko dela.