Dinastia Etxabeko final-laurdenetako laugarren eta azken jardunaldia jokatuko dute gaur, 21:00etan hasita, Aitzuri frontoian. Era horretan, erabakita geratuko da zer lau bikotek jokatuko dituzten txapelketako finalerdiak datorren astean.
Aitzuri pilotalekura gerturatu ohi diren pilotazaleak zorioneko dira, duela astebete Baikorekin debuta egingo duen Unai Amiano bertatik-bertara ikusteko aukera izan bazuten, ostegun honetan Carmelo Loza errioxarra izango da bere afizionatutako azken partidetako batzuk Dinastia Etxabe txapelketan jokatuko dituena. Aurreko astean ezagutu zuen Baños de Río Tobiakoak Aspek jauzia emateko aukera emango ziola, azaroaren 15ean izango da bere jaioterrian, eta bitartean afizionatu mailan geratzen zion txapelik apreziatuenetako bat bilatuko du Zumaian, Beñat Zubizarretaren laguntzarekin. 23 urtez azpiko final laurdenak itxiko dituen partida jokatuko dute Beitia-Elorzen aurka. Aurretik, jubenilen finalerdiak itxiko dira Ramirez-Segurola/Olaiz-Artetxe.
21 urterekin, atzelari errioxarrak maila honetako txapelik gehienak eskuratuak ditu, tartean iazko 22 urtez azpikoen Munduko Txapelketa Mexikon. 16 urte zituela sinatu zuen aurre-akordioak aukera emango dio profesionaletara salto egiteko Asperekin. 2023an debutatzetik gertu egon zen, Oier Etxeberriak Eibarko enpresa utzi zuenean. Baina, azkenean, enpresak nahiago izan zuen Joseba Aldaberi, eginagoa zegoen pilotari bati aukera eman, errioxarrak hazten jarrai zezan. Jotzaile ikaragarria ez den arren, bi eskuekin urrun jartzen du pilota, hanka arinak ditu, eta denborarekin segurtasunean eta erregulartazunean irabazi du.
Aurretik, jubenil mailako pilotarien final-laurdenekoa jokatuko dute. Azken kanporaketan, Ramirez-Segurola eta Olaiz-Artetxe elkarren aurka arituko dira, datorren ostegunean finalerdietan Harkaitz Murua-Aitor Etxeberriaren aurka aritzeko.