Dinastia Etxabe pilota txapelketa azken txanpan sartu da. Atzo gauez jokatu zituzten Aitzuri frontoian txapelketako final-laurdenetako azken partidak, eta modu horretara erabakita geratu da zer lau bikotek jokatuko dituzten txapelketako finalerdiak datorren astean, jubenilen zein 23 urtez azpikoen kategorian.
Bizkaitarrak indartsu heldu ziren atzo Zumaiara eta lortutako garaipenekin, Ramirez-Segurola bikoteak Murua-Aitor Etxeberriaren aurka neurtuko ditu indarrak gazteetan, eta Beitia-Elorzek Apezetxea-Santesteban izango dituzte aurkari seniorretan. Aurretik, astelehenean, Amiano II.a-Landa eta Rekalde-Apeztegia bikoteek eliteen finalerako txartela lehiatuko dute, eta Egurrola-Moto eta Salaberria anaiek gauza bera egingo dute gazteetan.
Asteleheneko jardunaldian ezustekoa izan bazen, gauza bera esan daiteke atzo gauez Aitzurin bizitakoarekin. Izan ere, Beitiak eta Elorzek merezimendu osoz irabazi zieten (22-16) ustez faborito argi agertzen ziren Zubizarreta-Lozari. Beitia eta Elorz, bizkaitarrak biak, indartsu sartu ziren partidara, eta 9 eta 4 emaitzarekin jarri ziren aurretik. Zubizarretak eta Lozak erreakzionatu zuten eta tanto bakarrera jarri ziren (11-10). Partidako bigarren zatian Elorzek dominatu egin zuen atzeko koadroetan, Loza errioxarrari ez zion pilota gozatzen utzi, eta Beitia ausart batek etekina atera zion bere atzelariak egindako lanari. Partida irabazita, datorren astean jokatuko dituzten finalerdietarako txartela lortu zuten.
Akats asko jubeniletan
Aurretik, jubenilen partida jokatu zuten. Partida azkarra izan zen eta ez pilotazaleak asetzen dituen horietakoa, gehienbat Olaiz-Artetxek egindako akatsengatik erabaki baita. Atzelari azpeitiarrak iaz Ibarluzearekin lortutako txapela berretsi nahi zuen, baina gaur oiartzuarrarekin 16 pilota galdu dituzte bien artean. Aurrean Segurola bezalako atzelaria izan zuten: partida osoan ez zuen akats bat bera ere egin, eta eskuin eskuarekin min egin zien aurkariei. Partida 22 eta 9 emaitzarekin bukatu zen Ramirez eta Segurolaren alde, eta hauek jokatuko dute finalerdia datorren astean.